Itziar Irigoien Perurena

«Hezitzaile eta ikasleek elkarrekin ikasten dugula ohartu naiz»

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 27a, 13:00

Itziar IRIGOIEN PERURENA, Hezitzailea eta aholkularia

Hezitzailea, euskaltzalea, txistularia eta kantaria da Itziar Irigoien Perurena (Doneztebe, 1969). Herrian eta inguruan gutxi dira ezagutzen ez dutenak, mugimendua non, Irigoien han izaten baita.

Elkarrengandik ikasiz

Irakaskuntza du aspaldian lanbide. 16 urte zituela hasi zen klase partikularrak ematen eta orduz geroztik batetik bertzera ibili da: «Altsasu, Olazti eta Donezteben musika eskoletan txistu irakasle ibili nintzen; gero, Euskara eta Musika ematen Bigarren Hezkuntzan; ondotik, Lehen Hezkuntzan; eta orain unibertsitatean».

Urteotan guztiotan bere lanak ez du nekatu eta «erronkaz beterikoa» dela iruditzen zaio. Hortaz, «ikasleak gustura egonez ikasteko, irakatsi beharrekoa munduarekin lotzeko, ikasteko grina pizteko, parte hartzeko bideak emateko...» eginahalak eta bi egiten ditu.

Trukean, eman adina jasotzen du: «hasi berritan irakastea nuen helburua, baina urteak pasatu bezala elkarrekin ikasten dugula ohartu naiz».

«Eraldaketa garaia»

Esperientziak hezkuntzaz zuen ikuspegia aldarazi eta, modu berean, irakats metodologietan gertatutako aldaketak ezagutzeko bide eman dio: «eredu pasibotik heldu gara (ikasleak informazioa jasotzen du) eta proaktibora goaz (ikasleak erabakitzen, sortzen, eraikitzen du)».

Informazio eta Komunikazio Teknologiak garatzearekin batera, «irakasleon egitekoa aldatuz» joan da eta horretan egungo hezkuntzak «eguneratzeko beharra» duelakoan dago doneztebarra: «Teknologiarekin gertatu dena argi gelditu da. Tresnak aspalditik eskura genituen, baina oraindik ere teknologia 'berriak' deitzen zaie, noiz arte izanen ote dira 'berriak'? Egoerak hala behartuta irakasleok di-da batean eguneratu gara. Eguneratzeko alderdi aunitz jorratzen ari da eskoletan: emozio hezkuntza, hizkuntza plana, hezkidetza edo berdintasuna...».

«Eguneratzeko alderdi aunitz jorratzen ari da eskoletan»

Itziar IRIGOIEN PERURENA, hezitzailea eta aholkularia

Ikasgelatik aholkularitzara

Aldaketa orok ezinbertzekoa du formakuntza eta horretan ari da aurten doneztebarra, Berdintasun Departamentuan aholkulari. «Irakasleei online formazioa eman, ikastetxeekin bilerak egin, arlokako proiektuak garatu, hurrengo hiru urtetarako plan estrategikoa prestatu...» egiteko aunitz izaten dituzte.

«Ikasleek egunero ematen duten naturaltasuna eta freskotasuna» falta dituen arren, gustura dabil Irigoien. Gainera, «aldatzeko aukera une egokian» ailegatu zaiolakoan dago: «orain arte ikasgelan sustatzen nituen elkarlana, talde-lana eta ingurunearekin harremana erabat baldintzatuak gelditu dira eta esperientzia hau ikuspuntua aldatu eta aberasteko baliagarri zait». Momentuz «urtebetez» ariko da horretan eta «maiatz aldera» erabakiko du horretan segitu edo ikasgelara bueltatu.

40 urte herriko karrikak girotzen

Ibilbide guztian, ikasgelan eta ikasgelatik kanpo, musika izan du bidelagun doneztebarrak. Beti doinu eta letra artean ibili izan da: «ama kantaria zen eta eskura jarri zigun tokadiskoa eta teklatu elektrikoa». Apezek solfeoa erakutsi ondotik, Basilio Saroberekin txistua ikasten hasi zen eta 12 urterekin, Migel Makuso irakaslearekin, lehenbiziko kalejirak egin zituen. Gerora, Pablo Sarasate kontserbatorioan txistu ikasketak egin zituen: «17 urterekin Doneztebeko Banderaren dantza jotzeko erreleboa hartu nuen eta  25 urte nituelarik 'Trapatan' izeneko dantza galdua berreskuratzeari ekin genion herriko  dantzariekin batera».

Ordutik, Eguberrietan, maiatzean Bestaberri Egunean eta San Pedro bestetan biltzeko ohitura izan dute. 40 urtez bere txistua aditu da Doneztebeko karriketan. Iaz, ordea, doinu guztiak itzali ziren: «ezin izan ginen atera, baina aurten atera ahal izatea espero dut». 

«Aholkulari lana ikuspuntua aberasteko baliagarri zait»

Itziar IRIGOIEN PERURENA, hezitzailea eta aholkularia

Zinegotzi

Azken urtean bertze ardura bat gehitu du Irigoienek zerrendara: «taldera bildu den azken zinegotzia naiz, martxoan urtea beteko dut». Bereziki «Agorreta musika eskola, kultur agenda eta sare sozialak» kudeatzen ditu, «erabakiak taldean hartzen ditugun arren». Hainbat izan dira hondarreko urtean eskuartean izan dituzten zereginak: «ur depositua, Intzakardiko parkea berritzea, argiteria, karriketako moldaketak...». Orain, berriz, «oinezko eta trafikoaren arteko oreka ezarriko duen ordenantza eta eskolako estalpea» dituzte buruan.

Hezitzaile eta ondoko belaunaldien eredu da Irigoien, dakien guztia partekatzeko eta ahal guztian laguntzeko prest izaten delako. Prestutasun horri esker, «bakarka-bakarka eta lehentasunak markatuz» denera ailegatzea lortzen du. Eta, ez pentsa aisialdirako denborarik izaten ez duenik: «asteburuetan familia eta lagunekin planak egiten ditut, erlojuari begiratu gabe bizitzen saiatzen naiz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun