Heliazalera bat eraikitzen hasiak dira Saldiasen

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 26a, 16:00

Otsail hasieran, hilerriaren aurrean dagoen zelai batean, larrialdietarako heliazalera egiten hasi ziren. Heliazalera honek inguruko herrietako larrialdi zerbitzuetan (sute, istripu…) helikopteroa erabiltzeko aukera eskainiko du eta, hortaz, segurtasuna hobetzen lagunduko du.

Azpiegitura hau HeliNET proiektuaren parte da, larrialdietan, erreskateetan edo hondamendi naturaletan erantzun-denborak optimizatzen laguntzen duten helikopteroen sare logistikoa handitzeko. Horretarako, Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Sailak zazpi heliportu eraikitzeko obrak lizitatu zituen: Etxalarren, Leitzan, Saldiasen, Izaban, Iruñean, Ultzaman eta Lekunberrin. Egitasmoak 177.159,81 euroko aurrekontua du eta % 65a Europako Diru Funtsarekin finantzatuko da.
 

Noiz da heliportua eta noiz heliazalera?

Heliportuaren eta heliazaleraren artean dagoen oinarrizko aldea zera da: heliportuetan helikopteroak maiz lur-hartu eta aireratzeko prestatuak daude, eta heliazalerak, aldiz, helikopteroak noizbehinka bakarrik ibiltzeko prestatuta dauden azalerak dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun