Plaza eta frontoia itxita daudela salatzeko kazelorada eginen dute ortziralean Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 18a, 18:00
Eskola ordutegitik kanpo itxita daude herriko plaza eta frontoia.

Eskaerak eskaera, Sunbillako Udalak plaza eta frontoia itxita mantendu ditu. Herritar batzuk erabakiarekin kexu dira eta «egoera desatsegin» hori salatzeko otsailaren 19an kazola-protesta egiteko deialdia egin dute.

Alarma egoerarekin batera, udalek herriko espazio publikoak itxi egin behar izan zituzten. Eskualdeko bertze herrietan ez bezala, Sunbillan normaltasun berria ailegatu zenean, itxita mantendu zituzten eta egoera hori luzatzeak hainbat herritarrengan ezinegona eragin du.

Saiakerak saiakera, ez dute frontoia eta plaza irekitzea lortu. Hortaz, «udalaren axolagabekeria eta bizi dugun egoera desatsegina» ikusita, hori salatzeko deialdia egin dute ortziralerako, otsailaren 19rako. 20:00etan «kalera, balkoira edo nahi den tokira atera eta ahalik eta soinu gehien ateratzeko» deia egin dute: «hartu kazola, txistuak, danborrak eta bi minutuz aditu dadila». 

Eskola ordutegitik kanpo itxita

Ikasturte hasierarekin batera, irailean, eskola eta jangela mantendu ahal izateko, eskolak, guraso elkarteak eta udalak landutako erabakiari esker, eremu horiek irekitzeko erabakia hartu zuten. Aitzitik, eskola ordutegitik kanpo, itxita mantendu zituzten.

Hori horrela, urrian, herritar talde batek eskola ordutegitik kanpo itxita jarraitzearen arrazoia zein zen galdetu zuen eta udalak, «ezarritako araudia ez dela betetzen» erantzun omen zien.

Eskaera eta sinadurak

Erantzuna ikusita, pertsona talde horrek «ezarritako araudia eta neurriak betez irtenbide errazak eta bideragarriak» eman zizkien udalari. Eta, horrekin batera, «198 lagunek babestutako eskaera» aurkeztu zuten. Ez irtenbideak proposatuz ezta sinadurak bilduz ez dute irekitzea lortu: «udalaren erantzuna ez izan da».

Herritar taldeak ez du etsi eta eskatzen segitu du: «otsaileko osoko bilkuran hobetutako proposamen bat aurkeztu genuen, espazio hauek kontrolatzeko boluntarioekin...». Jasotako erantzuna, ordea, ez zen nahi zutena izan: «alkateordeak ez zigun entzun ere egin nahi izan... erabakia horixe zela eta epaiketara joan nahi badugu epaile batek erabaki dezala erran zigun».

Herritarrek jarrera hori gaitzetsita, «udalak arazoaren aitzinean duen prestutasuna» salatu nahi izan zuten, ohar bat zabalduz eta «espazio publikoez modu seguruan gozatu ahal izatea herritarren eskubidea dela» aldarrikatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun