Idazkari-laguntzailea kontratatuko dute Donamarian, Oizen, Urrozen eta Beintza-Labaienen aritzeko

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 12a, 19:00
Urrozko udaletxean astearte eta ortziraletan izaten da idazkaria.

Udal ordezkariek adierazi dutenez beraien helburua «zerbitzu ona» ematea da. Zoritxarrez, denboraldi batez idazkaririk gabe egon dira eta, momentu honetan bi lagunentzako «lana badela» ziurtatu dute.

Donamariako, Oizko, Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalek idazkari-laguntzaile lanposturako deialdia zabalduko dute. Idazkari-laguntzaileak lau herrietan ari den idazkari nagusiari lagundu beharko dio. Deialdia Nafar Lansarek kudeatuko du eta bertan izen-emateko Malerrekan erroldatua egon beharko da. Lanaldi osoko lanpostua eskainiko dute eta eskakizunen artean euskara maila ona izatea nabarmendu dute.

Egun, idazkariaren egutegia modu honetan banatzen da: astelehen eta ortzegunetan lau orduz Donamarian eta bertze lau orduz Beintza-Labaienen; astearte eta ortziraletan lau orduz Urrozen eta bertze lau Oizen; eta, asteazkenetan Donamarian. 

Orain, sede elektronikoa instalatzen ari direnez, «ezinbertzekoa da bertze lagun bat kontratatzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun