Eskola zaharreko leihoak eta solairua berritu dituzte Ezkurran

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 12a, 18:00
Aurrera begira Erabilera Anitzeko Areto izan daitekeen gunea prestatu dute.

Ikasle eskasia tarteko, 1999an itxi zuten Ezkurrako eskola. Eraikina baliatzeko, pixkanaka, zaharberritzen aritu da udala. Orain lauzpabortz urte, teilatua berritzearekin batera, ludoteka eta biltegia egin zituzten behealdean eta gaur egun gune hori erabiltzen dute adinekoek.

Leihoak, zola eta sabaia

Azken hilabete honetan, berriz ere, lan horiei heldu diete. Batetik, eraikin osoko leihoak aldatu eta PVC materialez egindakoak paratu dituzte. Eta, bestetik, lehenbiziko solairuko zola eta sabaia zaharberritu dituzte.

Koronabirusak eragindako egoera honetan, segurtasun distantzia bermatuz biltzeko gunea dute biztanleek, aurrera begira «beharra izanez gero, horren arrakastatsu gertatzen ari den jubilotekako kideak han biltzeko edota herritarrekin bilerak egin ahal izateko erabiliko dugu, baita ikastaroak egiteko ere» dio alkateak.

Udalak jakinarazi duenez, lan horiek guztira 19.714,32 euroko aurrekontua dute eta ordaintzeko dirulaguntza eskatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun