IBAN MINDEGIA

«Autobidean baino mugako kontrol zorrotzagoak izaten dira bigarren mailako errepideetan»

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 9a, 13:00

Iban Mindegia doneztebarrak egunero igaro behar izaten du muga Biriatun lanera joan ahal izateko.

Iban Mindegia Elizaga, 35 urteko doneztebarrak egunero igaro behar izaten du muga Behobia aldean, beraz, gaur egun agindutako muga itxierek ez diote aunitzik eragin. Entrepise equipement electrique enpresarendako ari da lanean, «2010ean hasi nintzen ETT bidez eta 2015etik plantillan fijo nago». Talde handi baten zatia da enpresa eta Artixen dauka bulego nagusia, Paue eta Baiona artean, Orthez ondoan, «baina Baionan badu bertze bulego ttikiago bat, hor 14 lagun ari gara lanean eta Bordelenen ere hasiak gara duela lau urtetik honat». Obrak non dituzten, harat-honat ibiltzea suertatzen zaio Mindegiari ere, «orain Donibane Lohizunen nago, baina egon naiz Azkainen, Hendaian, ahal bada Baiona eta Hendaia artean».

Eguneroko harat-honata Behobian barna egiten dut, «gehienetan autobidea hartzen dut eta batzutan errepide nazionala. Autobidean normalean ez da arazorik. Bueltarakoan, Azkainen nintzenean, behin edo bertze etorri izan naiz Ibardinetik, baina Lizuniagako pasabidea ez dut erabili, ez dit eragiten». Errepidean, joaterakoan, gehienez 50 minutu eta guttienez 35 bat minutu ematen ditu, bertze horrenbertze bueltarako.

Duela ia urtebete koronabirusaren afera hasi zenetik ia egunero muga igaro behar izan badu ere, «nik nahiko suerte izan dut, nere ordutegiarengatik edo, ez baitut eragozpen handirik izan. Goizean joaten naizenean guardia zibila ikusten dut, baina Gipuzkoa aldetik datozenak kontrolatzen gehien bat, niri ez dit afektatzen, eta gero, peajean, aldiro aduana kontrola izaten da, baina niri ez naute gelditzen, laneko ibilgailua eta laneko salbokonduktoa izaten dut. Nik uste autobidean kontrol guttiago izaten dela, errepide nazionalean bi aldetara kontrolak ikusi izan ditut aspalditik. Foruzaingoa ere auniztan izaten da Beran, harrobi inguru horretan, ertzaina ere bai Behobian, Puntxasen, eta gendarmeak mugan… Kolore guztietako kontrolak pasatu behar izaten ditugu tarteka. Zorionez ez dut aparteko gorabeherarik izan».

«Kolore guztuetako kontrolak pasatu behar izaten ditugu tarteka. Zorionez ez dut aparteko gorabeherarik izan»

Bihotzetik operatua dagoenez, koronabirusa dela eta medikuek arazo gehixeago izan dezakeela erran diotenez, «gehixeago kontrolatzen du egoera, joan den urteko martxoko bigarren hamabostalditik etxean gelditu nintzen. Lankide batzuk maiatzean bueltatu ziren, baina ni, badaezpada, bertze hilabete bat gelditu nintzen eta ekainean bueltatu nintzen lanera, neurri guztiak betez: maskarillarekin, hasieran obrako nagusiak tenperatura hartzen zigun aldioro, dena zorrotz. Guk ez dugu etxetik aritzeko aukerarik».

Hilabete hauetan egoera ezberdinak bizitu behar izan ditu: «hasieran Frantziara Gipuzkoan barna pasa zitekeen, baina Nafarroatik Gipuzkoara ez. Nagusiari galdetu nion eta Frantziara pasatzeko baimenik ez zela behar erran zidan, baina ni lehenik Nafarroatik Gipuzkoara pasa beharra nuen. Azkenean ‘salvoconducto’ edo baimen hori egin zidan, Baionaraino joan behar dudala adierazten duena, baina egia da ez nautela eskatu. Endarlatsan ere inoiz ez didate eskatu, ez ertzainek, ez foruzainek eta Behobian pare aldiz. Nik uste bigarren mailako errepideetan kontrol gehiago izaten dela».

«Osasun arloan edo administrazioan bakoitzak bere aldetik jokatzen du eta horrek denoi nahasten gaitu»

G7, Covid, terrorismo yihadista… hainbat izan dira estatu arteko muga ixteko erabili izan dituzten aitzakiak… «Europa bakarrean sartuak gaudela dela diote, baina azken aldian, egia da mugak ireki beharrean gero eta gehiago ixten ari direla», aipatu digu Mindegiak. «Osasun arloan, edo administrazioan, edozein gauza egiteko… bakoitzak bere aldetik jokatzen du eta horrek denoi nahasten gaitu, sinestezina da, desastre bat: bakoitzak bere itxiera ordutegiak, konfinamenduak, araudiak… Konplikatua da, ezin dugu informazio hori guztia eskura izan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun