Josetxo Ezkurra Arozena

«Erremonteak segida izateko borrokan ari gara»

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 14a, 11:00

Gaur dena Doneztebeko erremonte eskolari zor dio Josetxo Ezkurrak. Berak izan zuen aukera hura ondorengoek ere izatea nahi duelako, herriko eskolan ari diren gaztetxoak entrenatzen ditu egun.

Josetxo EZKURRA AROZENA, Doneztebeko erremontista

Hamalau bat urte zituela, herriko eskolan hasi zuen bere erremonte ibilbidea Josetxo Ezkurra Arozenak (Doneztebe, 1992). Bertan urte pare bat aritu ondotik, Euskal Jai eskolan eman zion segida eta hortik profesionaletara egin zuen salto. Egun, erremontista ez ezik, Euskal Jai fundazioak Erreka kirol elkartearekin batera sustaturiko erremonte eskolako entrenatzaile ere bada, eta ortziraletan 12 urtetik goitiko gazteak entrenatzen aritzen da.

Hamalau bat urte zituela, herriko eskolan hasi zuen bere erremonte ibilbidea Josetxo Ezkurra Arozenak (Doneztebe, 1992). Bertan urte pare bat aritu ondotik, Euskal Jai eskolan eman zion segida eta hortik profesionaletara egin zuen salto. Egun, erremontista ez ezik, Euskal Jai fundazioak Erreka kirol elkartearekin batera sustaturiko erremonte eskolako entrenatzaile ere bada, eta ortziraletan 12 urtetik goitiko gazteak entrenatzen aritzen da. Harrobi lan hori erremonteak irauteko «ezinbertzekoa» da Ezkurraren ustez: «profesionalak erretiratzean zaleek lekua hartzeko eskolak behar dira».

Erremonte eskolan hasi zenuen ibilbidea. Hasiera hartako nolako oroitzapenak dituzu?

Normalean ostiraletan laxoa entrenamenduak egiten genituen. Halako entrenamendu batean, frontoian geundela, Lander Erkizia etorri zitzaigun eta erremonte eskola ireki behar zutela eta ea izena eman nahi genuen galdetu zigun. Zortzi-hamar batek eman genuen izena. Ilusioz hasi ginen. Eskolak entrenatzeko aukera eman zidan, profesionaletan aritzera ailegatu banaiz Doneztebeko erremonte eskolari esker izan da.

Orain entrenatzaile aritzen zara, Julen San Migelekin batera.

Bai, 2019an hasi nintzen. Julen San Migel eta biok txandaka aritzen gara. Erremontea gaur egun ez dago egoera onenean. Hala ere, Donezteben afizioa badago eta horri eutsi behar zaio. Profesionaletara ailegatzeko afizionatuak behar dira, jendea erretiratzen denean segida izateko.

Zenbat pilotari dituzue eskolan?

Iaz 14 pilotari genituen eta lauk debutatu zuten eta hamarrekin gelditu ginen. Aurten bertze lau hasi dira, eta 14 gaude berriz. Eskola irekita dago eta gero eta jende gehiago animatzen ari da, kontent gaude. Ortziraletan entrenatzen dute, 16:00etatik 19:00 arte frontoia hartua dugu eta egia erran arront gustura aritzen dira. Ahal izanez gero egun gehiagoz ariko liratekeela erraten dute… hori seinale ona da.

Erremonte Fundazioaren laguntzarekin txapelketa ere abiatu duzue…

Bi txapelketa dira bi kategoria direlako. Gazteak Nafarroako Kirol Jokoak txapelketa jokatzen ari dira eta seniorrak Nafarroako txapelketa. Erremonte Fundazioak antolatutako txapelketak dira, lehen ere egin izan dira baina azken urteetan alde batera utziak ziren. Eta, egia erran, motibatzeko balio dute.

«Bi enpresa izateak erremonteari on egiten dio»

Josetxo Ezkurra Arozena, Doneztebeko erremontista

Noiz abiatu zenuten txapelketa eta noiz arte luzatuko da?

Urtarrilaren 30ean abiatu genuen, Donezteben. Sei larunbatez izanen dira, martxoaren 6ra arte. Jardunaldi bakoitzean gazteen mailako eta senior mailako partida bana jokatuko dira. Otsailaren 13an, 10:00etan, Donezteben azkena izanen da eta ondoko hirurak Agoitzen izanen dira. Finala 13an edo 20an izanen da, Labriten. Hori bukatzean bi kategoriak nahasita bertze txapelketa bat egiteko asmoa dugu. Kluben artekoa izan beharrean denak denekin elkartu nahi dugu, adin guztietakoak. Baina hori oraindik ez dugu pentsatu nola egin, aitzinerago erabakiko dugu.

Bertzeen entrenamenduak eta txapelketak segitzeaz gain, zureak ere hor izaten dituzu...

Bai, ortziraletan 20:00etatik 21:00etara profesionaletan ari garenok entrenatzen dugu. Eguberrietan banakako txapelketa jokatu genuen eta ondotik etenaldi bat egin dugu. Urtarril erditsuan hasi ginen entrenatzen eta otsail-martxo aldera berriz ere martxan hasteko asmoa dugu. Ez dakigu txapelketa edo partidak izanen diren baina…

Nola ikusten duzu zeure burua momentu honetan?

Azken urteetan momentu onenetako batean nagoela erranen nuke. Lesio bat izan arren, konfinamendutik bueltan ongi hasi nintzen…

Eta erremonteak zer-nolako egoera bizi du?

Azken urte hauetan nahiko pattal egon da: telebistak esku pilotari erreparatzen dio, egoera ekonomikoa ere ez da onena… Hala ere, bi enpresa izateak erremonteari onura eragiten diola erranen nuke. Ekainetik abendura Nafarroako herri dezentetan jokatu genuen... Aitzinera segitzeko borrokan ari gara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun