Jon Elizondo Etxekonanea

«Lehenago baloratzen ez genituen gauza anitz estimatzen ikasi dugu»

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 13a, 10:00

Jon ELIZONDO ETXEKONANEA, Urrozko gaztea

Ikasketak zirela medio, sorterria utzi eta Bilbora joan zen urroztar gaztea. Esperientzia aberasgarria izan bada ere, ikasketak bukatu eta herrira itzultzea erabaki du.

Nola aurkeztuko zenuke zure burua?

24 urteko gazte urroztarra.

Zein dira zure zaletasunak?

Herriko gazte batek izan ohi dituen zaletasunak, lagun artean garagardo batzuk lasai hartzea.

Herria utzi eta Leioara joan zinen zure ikasketak egitera...

Bai, Leioan Ingeniaritza Kimikoa ikasi nuen.

Zergatik aukeratu zenuen gradu hori?

Kimikak eguneroko bizitzan duen garrantziaz interesaturik, eta aldi berean, Ingeniaritzak eskaintzen dituen aplikagarritasunak bultzaturik aukeratu nuen gradua. Kimika graduarekin zerikusia duen gradua bada ere, hainbat konpetentzia lantzen dira.

Bertsozale eta euskaltzalea omen zara...

Bertsolaritza arras gustuko dut eta posible dudan guztietan saiatzen naiz euskal kulturarekin lotutako ekitaldietara joaten.

Ikasketak medio, Urroztik Bilboko Duestu auzora joan zinen...

Lau urte pasa nituen bertan. Hasiera batean aldaketa handia izan zen, Urrozen baserri batean bizitzetik, Bilbo bezalako hiri batera aldatzea. Esperientzia arrunt aberasgarria izan zen, kanpora irekitzera lagundu didana.

Aldaketa handia sumatu duzu?

Hirietako eta herriko jendeak ez daukate zer ikusirik. Urrozko herritarrok elkar ezagutzen dugu. Bilbon, berriz, ez ditut nere blokeko bizilagun guztiak ere ezagutu, pentsa! Hala ere, Deustu auzoak herri kutsua ere badu, nahiko auzo herrikoia da.

Zer du Urrozek bertze herriek ez dutena?

Begi-bistakoa da Leurtzako urtegiek ematen diotela Urrozeri bere izaera bereizgarria.

Zer falta du?

Gaur den egunean ez dut uste ezer falta duenik. Aurten denda bat ireki da; horrez gainera, ostatua ere badago, parke bat, plaza eta frontoia.

Nola bizi izan duzu bestarik gabeko urte hau?

Besta egiterik izan ez badugu ere, bertze hainbat plan egiteko aprobetxatu dugu. Onartu beharra da, lehenago baloratzen ez genituen gauzak anitz estimatzen ikasi dugula. Eta hori ere garrantzitsua da.

Amets bat?

Aktualitatearekin bat datorren ametsa; ea pandemia aitzinean ezagutzen genuen normaltasunera lehenbailehen bueltatzen garen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun