Iturengo eskola berriak ateak ireki ditu

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 30a, 09:30
Iturengo Pulunpa eskolako 5. mailako ikasleak kontent eskola berrian.

Azpiegitura zaharkituak, toki falta, lege aldetik hutsuneak... Urte luzez sumatu dituzte udaletxean izan duten eskolaren gabeziak Iturenen. Ilbeltzaren 11n, ordea, aspaldiko urtetako eskaria egia bihurtu zuten eta Pulunpa ikastetxeko 70 ikasleek eta 11 irakasleek eraikin berria estreinatu zuten.

Bidea luzea eta gogorra izan da, eta tarte horretan «itxaropena, inpotentzia, beldurra, zalantza, amorrua...», denetarik sentitu dute. Ez dira urte errazak izan, baina lortu dute «ametsa» egia bihurtzea eta eskola berria dute Iturenen. Pulunpa ikastetxeko 70 ikasleek eta 11 irakasleek ilbeltzaren 11n estreinatu zuten eraikina, eta Arantza Diez Aranburu azken 16 urteotan eskolako irakasle eta gaur egun zuzendaria denaren hitzetan, «ilusio handiz» hasi dute ibilbidea.

Nafarroako Gobernuak 2.685.774,34 euroko inbertsioa eginez, sei unitate, ingeleseko, musikako eta orientazioko gelak, jantokia, sukaldea, zuzendaritza eta irakasle gelak, gimnasioa, aldagelak, komunak eta patioa dituen eskola egin du eta emaitzaren kontent daudela azaldu dute Diezek, Mixel Gereka Zelaia azken 27 urteotan eskolako irakasle denak eta 2011tik 2019ra zinegotzi izanak, Mari Jose Bereau Baleztena 2011tik 2019ra alkate izandakoak eta Jabier Bereau Mikelarena egungo alkateak.

Gabeziak

Urte luzez sumatu dituzte eskola zaharraren gabeziak: azpiegitura zaharkitua, toki falta, lege aldetik hutsuneak... 1989an zaharberritutako udaletxean izan dute orain arte eskola, eta udalarekin eta herriko ostatuarekin partekatu behar izan dute, momentuko beharretara egokitzeko herriko etxeko lau solairuetan goiti eta beheiti ibiliz. Izan ere, azken urteotan matrikulazioa nabarmen hazi da Pulunpan, 30-40 ikasle izatetik 70 izatera pasatuz, eta ikasle kopuruaren gorakadak sortutako toki eskasiari udal artxiboa eta ostalarien pisuaren zati bat ikasgela bihurtuz erantzun izan diote.

Bertzelako ezintasunak ere izan dituzte eta Gerekaren irudiko, «eskola zaharra legez kanpokoa» zen: «ostatuko tximiniak su hartu eta bi aldiz atera behar izan dugu eskolatik ume eta guzti. Eskolak baldintzak betetzen ez zituela ikusita eta arriskutsua zela adieraziz, suhiltzaileek txosten bat ere sinatu zuten. Norbaitek eskolara makuluekin edo gurpil-aulkian sartu behar bazuen, besoetan sartu izan da. Gaur egun halakoak ezin dira planteatu ere egin, urteekin eskakizunak aldatu diren seinale».

Errepidea eta plaza izan dituzte bertze kezka iturri; Diezek erran bezala, «trafiko handia duen errepide nagusia» atarian izan dutelako, eta Gerekak oroitarazi duenez, «jolaslekua plaza» izan delako, «aldi berean, kotxeentzako tokia izan dena». 

Covid-19arekin gabeziak are ageriago gelditu dira: «Salto gela eta jantokia ganbaran izan ditugu eta osasun egoerarekin salto gela ezin izan dugu erabili, jantokirako distantziak bermatu ahal izateko eremu osoa jantoki bihurtu genuelako. Irakasleon gela, berriz, ttikia zenez, ezin genuen klaustrorako erabili», kontatu du Diezek.

Hainbat gabezia izan dituzte udaletxean izan duten eskolan

Ibilbide luzea

Eskola aspaldiko eskakizuna izan dute Iturenen, eta Gerekak berretsi duenez,«udal guztiek beti izan dute eskolaren proiektua aurrera ateratzeko gogoa». Bide horretan, udalak 1996an eman zuen lehenbiziko pausoa, estreinatu berri duten ikastetxea dagoen lur eremua erosi zuenean. Eskolaren maketa ere egin zuten, baina bere horretan gelditu zen: «tokia egokia ez zela iritzita, uko egin zioten eskola hor egiteari», onartu du Jabier Bereauk.

Geroztik bertzelako proposamenak landu dituzte. Piszifaktoria zegoen tokian eskola egiteko eskariak, erraterako, ez zuen gobernuaren erantzun ofizialik jaso. Horrez gain, 2009-2011 agintaldian, orduko udalak Landa izeneko eremuan eskola eraikitzeko proiektua prestatu zuen, «hirigintza planarekin izandako zenbait arazo tarteko, alde batera gelditu zen».

2016an, udalak Landan egin zuen berriz saiakera, baina «ekonomikoki ezinezkoa izan zen. Udalak ezin zuen Landako lurrengatik eskatzen zutena bere gain hartu», aipatu du Mari Jose Bereau orduko alkateak. Ez zuten etsi, ordea, eta gobernutik eskola egiteko eskatzen zieten baldintzetako bat lurra izatea zenez, 1996an erositako lur eremuan berriz saiatzea erabaki zuten. 15 urte lehenagotik ezin izan zutena orduan lortu zuten: gobernuak exijitutako eguzkialdi azterketa egin ondotik ontzat eman zuten eskola hor eraikitzea.

Luzatu eta luzatu

Geroztik «kontseilariekin, obrako zuzendariarekin, proiektuaren arduradunekin, arkitektoekin... bilerak eta deiak aunitz» izan direla dio alkate ohiak: «gobernuarekin harreman ona izan dugu, baina goiti eta beheiti ibili gara, batzuetan itxaropenez gainezka eskola eginen zutela segurutzat joz, eta bertzeetan gibelera eginez».

Horren harira, «burokrazia izugarria» nabarmendu du Gerekak: «gure agintaldian hasieratik eskatu genuen gobernuarekin gaia berrartzeko bilera, eta lau urte beranduago hitzez proiektua eginen zutela, lehentasunezkoa zela eta lasai egoteko erranez bukatu genuen. Baiezkoa erran bai, baina noiz?». Bide beretik jo du zuzendariak eta parlamentariek eta kontseilariek eskolara egindako bisitak ekarri ditu gogora: «denek ikusi zuten zein zen gure egoera, eta zerbait egiteko beharra onartu ere bai, baina beti arazoak sortzen ziren, momenturo goxokia eman eta kendu ariko balira bezala». Gisa berean, «egunerokoan jendearen aldetik sumatu dugun ezkortasunak» ez omen die gehiegi lagundu: «gogorra izan da 'eskola noizko?', 'ez dute eginen' behin eta berriz aditzea». 

2017/2018 ikasturterako «ahoz proiektua onartua» zegoela adierazi du Gerekak, «hiru urteren buruan ailegatu da». Gobernuak eskola eraikitzeko argitaratu zuen lehenbiziko lizitazioa esleitu gabe gelditu zen eta 2019ko uztailean egin zuen bigarren saiakera, 2.235.910,87 euroko aurrekontua aurreikusita, alkate ohiak oroitarazi duenez, «lehenbiziko aldian baino 800.000 euro gehiagoko aurrekontuarekin».

Gobernuak 2,6 milioi euroko inbertsioa egin du eskola egiteko

Oztopoak eta saltsak

Argi utzi dute han eta hemen oztopoak izan dituztela, gobernuarekin ibilitako bueltez gain, herri mailan ere tirabirak izan baitituzte. Mari Jose Bereauk aitortu duenez, «eskola eremua urbanizatzerakoan herritarrekin saltsak sortu ziren». Egungo alkateak, berriz, 2019ko azaroan obrak hasitakoan mendia erori izanak ere «eztabaida handia sortu» zuela kontatu du, baina konpondu dutela gaineratu du: «gobernuak ia bertze 500.000 euro gastatu ditu mendia egonkortzen eta orain badakigu ongi dagoela».

Egonkortze-lanek eta pandemiak obra gehiago luzatu dute, berez irailean irekitzekoa zena ilbeltzean egin baitute. Baina Diezek dioenez, «ibili eta buelta lortu dugu behar genuena eta eskerrak emateko ordua» da. «Udal guztiei eskerrik beroenak» eman nahi izan dizkie «denak beti gure alde aritu direlako», baita gobernuari ere «halako eskola eraiki eta hain ongi hornitzeagatik», familiei «beti laguntzeko prest izateagatik», ikasleei «hain zintzo eta gustura egoteagatik», eta irakasle guztiei ere bai.

Hurrengo pausoak aparkalekua eta eskolara oinez joateko bide seguruak egokitzea izanen dira. «Udalarekin elkarlanean, eskolara oinez etortzeko proiektua aurten egitea» gustatuko litzaioke Diezek. Aparkalekua, berriz, martxan dutela argitu du alkateak:«eskola atarian udalak lurra erosi du eskolarako aparkalekua egiteko eta bide batez, herriak duen aparkatzeko arazoa konpontzeko».

Etorkizuneko erronkak gogoan, aspaldiko erroka behinik behin bete dute eta Gerekaren ustez, «lorpen handia» izan da, «bai eskolako kideontzat, bai herriarentzat». Diez, berriz, etorkizuna ziurtatu dutelakoan dago: «eskola herri baten bihotza da, eta berria eraikiz etorkizunean eskola herrian izanen dela ziurtatu dugu».

Ezkurra, Zubieta, Beintza- Labaien, Eratsun... Urteotan Malerrekan itxi dituzten eskolen zerrenda luzea da. Iturenen, ordea, berria egin dute. Sunbillan izanen da hurrengoa, Hezkuntza Departamentuak 2023rako aurreikusi duena.

Ezkerretik hasita Mixel Gereka irakaslea, Mari Jose Bereau alkate ohia, Jabier Bereau alkatea eta Arantza Diez zuzendaria.

Kontsumo ia nuluko eraikina

Eskola modernoa, argitsua eta solairu bakarrekoa estreinatu dute Iturenen, eta gobernuaren hitzetan, kontsumo ia nuluko eraikina da. «Berokuntza-sistema zoru erradiatzailea du eta leihoak ireki gabe, eraikina bera bakarrik aireztatzeko prestatua dago», dio Jabier Bereau alkateak: «Sistemak CO2 kopuru jakin bat detektatzen duenean, airea garbitzen hasten da. Barreneko airea haizagailu batek atera eta kamara batetik pasatzen da. Kanpotik datorren airea bertze haizagailu batetik sartzen da eta bitartean berotu egiten du. Hala, airea garbi mantentzen du, berotasuna galdu gabe».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun