Urteko lehenbiziko mendi irteera ilbeltzaren 19an Labaienen eginen dute Arkupeak elkarteko mendizaleek

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 18a, 08:00
Joan den urteko azken irteera Lesakan egin zuten Arkupeak elkarteko mendizaleek, Kopako Harrira zehazki. Aurtengo irteerak Labaienen hasiko dituzte.

Arkupeak elkarteko Mendi Batzordeak prest du aurtengo urterako irteeren egutegia. Abenduaren 1ean elkartu ziren batzordeko kideak eta joan den urteko hitzorduen balorazioa egitearekin batera, aurtengo egitasmoak jorratu zituzten. Halere, herrialdeen arteko mugen itxiera dela-eta aldaketaren bat egin behar izan dute. Honela, ilbeltzaren 19an, astearte honetan egitekoa zuten lehen irteera Hondarribian, baina azkenean, Labaienen eginen dute. Labaiengo plazan dute hitzordua, asteartean 08:15ean.

Urteko helmugak zehaztuak

Egindako irteerei dagokionez, osasun egoerak agindutako arauak errespetatuz ahalik eta irteera gehien antolatzeko lan egin dutela nabarmendu zuten eta datozenei heltzeko prest agertu ziren. Osasun egoerak aldaketak ekar ditzakeela jakitun izanagatik, honakoak dira aurreikusi dituzten irteerak: urtarrilean Labaienera; otsailean Legatera (Baztan); martxoan Berastegira; apirilean Leitzara, maiatzean Arizkunera; ekainean Urdazubira; uztailean Uharte-Arakilera; abuztuan Hernio mendira (Tolosaldea); irailean Kartxela mendira (Pirinioak); urrian Pagoeta parkera (Hernio mendilerroan); azaroan Irunera; eta abenduan Etxalarrera joanen dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun