Doneztebeko udalak 2 milioi euroko aurrekontua onartu du ahobatez

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 14a, 08:00
San Migel eta Mendaur ikastetxeetako patioak estaltzeko 300.000 euroko dirulaguntza jasoko du Doneztebeko udalak.

San Migel eta Mendaur ikastetxeetako patioa estaliko dute, Nafarroako Gobernuaren 300.000 euroko dirulaguntzarekin

Doneztebeko Herriko Etxeak 2.078.155,77 euroko aurrekontua onartu du ahobatez 2021erako (udala eta Agorreta musika eskolakoa batuta). Joan den urtekoarekin konparatuta, %12,97 jautsi da (239.919,42 euro guttiago), baina kontuan hartu behar da iaz 375.000 euroko nabe bat erosi zuela udalak eta mailegu bat ere eskatu behar izan zuela horretarako.

Diru kopuru horrekin herriko zerbitzuen jarraipena bermatuko du eta bertze hainbat erronkari eutsiko dio. 2021ean burutzekoak diren ekimenen artean honako hauek azpimarratu behar dira: Parrokia karrikaren egokitzapena, Amezti zeharbidearen bigarren fasea, herrigune historikoaren plan urbanistikoaren jarduerak… Aurten eginen den bertze lan handia San Migel eta Mendaur ikastetxeetako patioren estaldura da. Lan hau burutzeko Nafarroako Gobernutik 300.000 euroko dirulaguntza jasoko du udalak. Honek azaltzen du kapital transferentzia atala %52,44 igotzea.

Orotara gastu arruntak (langileria gastuak, ondasun arruntak eta zerbitzu gastuak eta transferentzia arruntak) %6,22 igo dira. Igoera hau, batez ere, «COVID-19aren ondorioz bai eskolan eta bai haur-eskolan garbiketarako kontratatu behar izan diren langileen gastuen ondorioz da», Xanti Uterga alkateak azaldu digunez. Bertzalde, finantza gastuen atala 3.956,62 euro jaitsi da, 2021an interesak errealitatera egokitu baitira banketxeekin solastatu ondotik.

 

300.000 euro eskoletako patioetan estalpea egiteko

Inbertsio errealaren atala %51,92 jaitsi da, baina orohar ohikoak diren inbertsio ttikiei eutsi zaie. 300.000 euroko inbertsioa eginen da eskoletako patioetan estalpea egiteko eta Baztan-Bidasoko bertze udalekin batera Merkataritza Erakarpen eta Antolamenduko Plana osatzeko 48.400,09 euro erabiliko dira. Tasa eta prezio publikoen atala ere 18.700 euro jaitsi da.

Inbertsioa nagusiak aitzineko urtetako soberakina erabiliz eta lortu daitezkeen diru-laguntzen bidez finantzatzeko asmoa du Doneztebeko Udalak. Finantzazioa lortzen denean aurrekontuak egokituko egin beharko dira inbertsio horiek egiteko.

Adibidez, 2020an COVID-19aren inguruan 65.000 euroko diru-laguntza jaso zuen, baina urtea akitzerako ez zuen denborarik eman egin nahi ziren lanak egiteko. Hori dela eta, 2021an hainbat espaloietan lanak egin beharko dira, horretarako 2020ko soberakina erabiliz, errandako diru-laguntza aprobetxatuz.

COVIDak astindutako garai honetan 2021eko aurrekontuen helburu nagusia udalaren ohiko lan eta zerbitzuak bermatzea da, baita herri eragileei eman ohi zaizkien laguntzak mantentzea eta ahal egin berezi bat egitea ekitaldi programazioa ahalbidetzeko, herriari bizi emateko. Honetaz gain COVIDak eragindako gastu gehigarriei aurre egin beharko zaie.

 

Kontribuzioa

Hau guztia egin ahal izateko, kontribuzioaren zergak pisu handia du aurrekontuetan. Hala ere, bizi dugun egoeraz konsziente da udala. Horregatik, herritarrei esfortzu gehigarririk eskatu gabe, kontribuzio berria minimo legalean (%0,25ean) ezarriko da, azken plenoan erabaki bezala. Halere, kontribuzioa igo eginen da, Baloratze Ponentzia aurten eguneratu delako, legeak ezarritakoa betez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun