3.700 euro eman dizkio Doneztebek ANELA elkarteari

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 11a, 08:00
Doneztebeko Herriko Etxean eman zioten 3.700 euroko txekea ANELA elkarteari.

Doneztebeko Udalak 3.700 euro eman dizkio ANELA Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Nafarroako Elkarteari. Joan den urtean hainbat kolektibok herrian antolatutako hainbat jardueratan bildutako dirua da, hala nola Doneztebe Futbol Taldeak, Erreka Kirol Elkarteak, Erreka Guraso Elkarteak, I. Martxa Nordikoaren antolatzaileak (Corriendo por el mundo eta Ttukuttuku)...

 «Urte bitxia izan da, eta Covid-19aren ondorioz, hainbat ekitaldi egiterik ez da izan, baina horrek ez du eragotzi oraindik ere diru gehiago biltzea. ELA eritasun larri honi herrian ikusgarritasuna ematea ere lortu dugu», aipatu digu Xanti Uterga Doneztebeko alkateak eta aldi berean, eskerrak eman dizkie ekimenean parte hartu duten elkarteei.

ANELA elkartetik, Alberto Armendariz Txapelak eskerrak eman ditu egindako ekarpenagatik. «Oso garrantzitsua da guretzat, edozein ekarpenek batzen baitu».

Doneztebeko Udalak, hainbat elkarterekin elkarlanean, duela urte batzuk erabaki zuen hainbat jardueratan biltzen ahal duen guztia dohaintzan ematea guztien onerako lan egiten duten elkarteei. Oraingoz, kanpainak egin dira Saray, Adano, Mps eta ANELAren alde.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun