Urrozen hiru motorzale harrapatu dituzte Mugakosoro naturagune babestuaren inguruan zebiltzanean

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 29a, 20:00

Gaur ezagutzera eman dutenez, pasa den abenduaren 13an Sepronako agenteek hiru motorzale harrapatu zituzten ustekabean Mugakosoro Naturgune Babestuaren inguruetan, hiruak matrikula-plakarik gabe. Mugakosoro Kontserbazio Bereziko Eremu izendatua dago eta, arrazoi horregatik, erabat galerazia dago inguru horretan motorrean ibiltzea.

Guardia Zibilak ohar baten bidez azaldu duenez, Sepronako agenteak zaintza lanetan zebiltzan Mugakosoron eta hiru motorzaleak Sepronako agenteen presentziaz ohartu zirenean, noranzkoa aldatu eta ihesean hasi ziren. Alabaina, moto horietako bat matxuratu eta motorzaleak lasterka ihes egin omen zuen motoa hantxe bertan utzita.

Motoa matrikula-plakarik gabe zegoenez, Sepronako agenteek txasis-zenbakiaren bidez identifikatu dute motoaren titularra eta 2.000 eurotik gorako salaketak jarri dizkiote hainbat arau-hausterengatik: motoa asegururik gabe ibiltzeagatik, IAT (Ibilgailuen Azterketa Teknikoa) 2004az geroztik pasatu gabe izateagatik eta nahitaezkoak diren argirik eta atzerako ispilurik gabe ibiltzeagatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun