Azpirozek ezustean irabazi du buruz buruko Eguberrietako erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 28a, 19:00
Azpiroz txapeldun, Uterga, Ion eta antolatzaileak gibelean dituela. Argazkia: Erremonte Fundazioa

Abenduaren 27an Lodosan jokatutako hiruko finalean Uterga eta Ioni nagusitu zitzaion

Lekunberriko Xabier Azpirozek ezustea eman zuen igandean Lodosan eta Eguberrietako XV. buruz buruko erremonte txapelketako hiruko finalean nagusitu zitzaion Xanti Uterga doneztebarrari eta Ion Etxeberria azpeitiarrari.

Finaleko lehen partidan, Xanti Uterga doneztebarrak 20-12 irabazi zion Ioni. Azpirozek final borobila jokatu zuen, erasoan nahiz defentsan eta 20-16 irabazi zion lehenik Ioni, eta bertze horrenbertze (20-16) Xanti Utergari, finala erabaki zuen lehian.

Xanti Uterga pilota astintzen, Ionen kontrako lehian. 20-12 nagusitu zen doneztebarra.

Buruz buruko finalaren aitzinetik, binakako partida jokatu zuten eta Zeberio II.ak eta Otanok 35-30 irabazi zieten Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrari eta Aimar Saldias oiztarrari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun