Goikoetxea eta Endikak galduta, Juanenea eta Larrañaga sartu dira finalerdietan

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 21a, 19:00
Goikoetxea V.a eta Endika da txapelketako finalerdietatik kanpo gelditu den bikotea.

Binakako Erremonte Txapelketako ligaxka Galarretan bukatu zen larunbatean azken bi partidekin. Azkenean, Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak 40-35 irabazi zuten Goikoetxea V.aren eta Endika Urrutia saldiastarraren aurka eta beste saldistarra, Aritz Juanenea eta Larrañaga finalerdietarako sailkatu ziren.

Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak 36 tanto behar zituzten lehen postuan geratzeko, eta horrekin konformatzen ez zirenez, garaipena lortu zuten. Datorren larunbatean Juanenea eta Larrañagaren aurka neurtuko dituzte indarrak finalerdian.

Bigarren finalerdia Urrizak eta Labakak, Segurola eta Barrenetxea IV.aren aurka jokatuko dute. Bi bikoteak sailkatuta zeudela jakinda kantxaratu ziren larunbatean, eta lehia hori finalerdikoa izanen dela ere bazekiten. Partida zirraragarria jokatu zuten, gutxitan ikusten den itzulia izan zuena. Segurolak eta Barrenetxeak 13-31 irabazten zuten, baina azkenean 40-39 galdu zuten Urriza eta Labakaren aurka.Lehen partida erabakigarriena izan zen. Goikoetxeak eta Endikak sailkatzeko azken aukera zuten jokoan eta partidaren bila atera ziren. 6-9 eta 10-14 aurreratu ziren, baina gorriek irabazi egin nahi zuten. 14-14 berdindu zuten eta 26-20 aurreratu ziren, nahiz eta urdinak tanto batera hurbildu ziren, 34-33, eta sailkatzeko itxaropenari eusten zioten, baina partida 40-35 akitu zen, Goikoetxea eta Endika txapelketatik kanpo utziz.Bigarren partidan 18 tantoko buelta ikusi zen. Urriza eta Labaka hotz hasi ziren eta Barrenetxeak sakearekin agintzen zuen. Urdinak 10-18 eta 12-23 zihoazen markagailuan, eta 13-31 iritsi zen markagailua. Partida amaituta zegoela zirudien, baina gorriek erreakzionatu zuten Urrizaren agindupean, 21 tanto eta bi huts eginda. Pixkanaka partidan sartu ziren eta 36, 37, 38 eta 39 berdindu zuten. Azken bi tantoak Labakak egin zituen, bi hormetan; lehena huts eginda eta bigarrena intentzioz.

 

Abenduaren 19ko emaitzak Galarretan

  1. Ansa II.ak-Aizpuru III.ak, 40; Goikoetxea V.ak-Endikak, 35 BINAKAKO TXAPELKETA
  2. Urrizak-Labakak, 40;Segurolak-Barrenetxea IV.ak, 39 BINAKAKO TXAPELKETA

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun