Jaione Otxandorena

«Baldintza hauetan lan egitea ez da errentagarria»

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 21a, 16:00
Ostalariek euren eskaerak kontuan hartzeko eskatu dute.

Jaione OTXANDORENA Sunbillako ostalaria

«Ohiko baldintzetan lan egin nahi dugu eta hori ezinezkoa izanez gero dagokigun ordain ekonomikoa jaso beharko genuke». Argi eta garbi adierazi du Nafarroako ostalarien eskaera Jaione Otxandorena Andiarenak (Sunbilla, 1980). Bizi duten egoera «gogorra» da eta «egiazko erreskate plan bat» izan ezean «sektorearen etorkizuna kolokan» egon daitekela uste du.

Aunitz zarete Nafarroan ostalaritzatik bizi zaretenak… Martxoaz geroztik, kopuru hori aldatu da?

2019an Nafarroan 18.500 familia –langile eta autonomoak– ginen ostalaritzatik bizi ginenak. Datu horiek aldatu dira, dudarik gabe. Orain 15.600 familia –langile eta autonomoak– gara.

Martxoko itxialdia kolpe haundia izan zen ostalaritzarentzat. Nola bizi izan zenuen lehenbiziko geldialdi hura?

Hasiera batean 15 eguneko kontua izanen zela eta pasatuko zela pentsatu genuen. Gerora, ordea, kontua luzatu zen. Gu hiru hilabetez egon ginen geldirik. Nire bikoteak positibo eman zuen eta ostatuan elkarrekin lan egiten dugunez ekainaren 22ra arte ezin izan genuen ireki. Hiru hilabete horietan gastuak bakarrik izan genituen, irabazirik gabe egon ginen.

Hiru hilabeteren buruan, nolakoa izan zen buelta?

Ekainaren 22an, ireki genuenean, jendea gogotsu zegoen eta martxa onean hasi ginen lanean. Ez genuen espero eta hagitz kontent geunden. Birusaren agerraldiak hasi zirenean, berriz ere, neurriak zorroztu zizkiguten, edukiera mugatzen hasi ziren eta, horrekin batera, lana guttitu zitzaigun. Edukiera %30era jaitsi zutenean egoera okertu zen. Ostatu handiek beraien arazoak izanen zituzten, baina ttikia dugunok zer erranik ez. Nik, adibidez, 40 laguneko edukiera dut eta %30 12 bezero dira. Barrenean 12 pertsona daudenean, segurtasun distantzia mantenduz jende gehiagorendako lekua dugu eta mahai azkarki libre ditugu, baina... Eguneroko bezeroak kafe bat hartzera edo pintxo bat jatera etorri eta, tokia izan arren, ezin dela sartu erran behar izatea gogorra da, ekonomikoki eta psikologikoki hagitz zaila izan zen.

«Eguneroko bezeroei, tokia izan arren, ezin direla sartu erran behar izatea gogorra da»

Dirulaguntzak izan zenituen? Zenbat jaso zenuen?

Batetik, Nafarroako Gobernuak 2.200 euroko dirulaguntza eman zigun autonomo guztioi. Eta bertzetik, hilabete horietan mutuatik 600-700 euro eman zizkiguten hilabetean. Atzerapenarekin baina kobratu nuen. Paper aunitz aurkeztu behar izan genituen horretarako.

Gero, ekainean, irekitzearekin batera, dirulaguntzarik gabe gelditu nintzen. Nire hiru langileak %50eko lan erregulaziora pasatu nituen eta orduan soldataren eta Gizarte Segurantzaren kuotaren zati hori nik ordaindu nien. Irailetik aitzinera, ordea, Gizarte Segurantza osoa nagusiaren esku gelditu da. Are gehiago, lan erregulaziotik langile bakarra atera arren, nagusiak langile guztien Gizarte Segurantza ordaintzen segitu behar du. Nondik ordainduko dugu ez badugu fakturatzen? Ez digute %30eko edukiera baino gehiago baimentzen baina, orain arte bezala, dena ordaintzen segitu behar dugu…

«Ez digute %30eko edukiera baino gehiago baimentzen baina gastu guztiak ordaintzen segi behar dugu»

Urrian bigarren itxialdia ailegatu zen…

Bai, orduan jatekoa eramateko egiten hasi ginen eta 50 egun inguru egin ditugu horrela. Martxan segitu ahal izan dugu. Ekainaz geroztik, autonomo bezala ez dut deus kobratu. Irekita duzunean, iaz tenore horretan baino %75 baino guttiago kobratzen ari zarela justifikatu behar duzu. Beraz, deus gabe gelditzen zara... Hala ere, %30eko edukierarekin irekita baino hobe aritu gara. Eta orain, hain justu, horixe da berriz etorri dena…

Abenduaren 17tik aitzinera barrenekoa irekitzeko baimena eman zizuen Nafarroako Gobernuak, %30eko edukierarekin eta 22:00 arte… Zer dakar horrek?

Erabat itxia duenarentzat eta merezi dien horientzat ongi dago. Etxean dagoen aunitzek hori nahiago duela erranen du, bertze batzuek edukiera horrekin ez dutela irekiko erran dute. Bakoitza mundu bat da eta, gure kasuan ere baldintza horietan irekitzea da txarrena, nahiago nuen itxita segitu, eramateko prestatzen, baina… Irekitzera behartuta nago goizetan kafea edo pintxoa erostera etortzen dena, itxita baldin badago, kafea mahai batean hartzen ahal duen toki batera joanen da. Aterabiderik gabe geldituko naiz… Nahiz eta galera izanen dudala eta aunitzetan jendeari ezin duela sartu erran beharko diodala jakin, irekitzea bertzerik ez dut. %30eko edukierarekin ezin da errentagarria izan. Larunbat batean gehienez 12 laguni eman diezaioket bazkaria, eta 22:00etarako ostatuak itxita egon behar du.  Amorru ikaragarria sentitzen dut, ez dut irtenbiderik ikusten.

«Nahiz eta galera izanen dudala jakin, irekitzea bertze aukerarik ez dut»

Nafarroak bertze erkidego batzuek baino datu hobeak izan arren, neurriak zorrotzagoak direla salatu nahi izan duzue.

Hemen 22:00 arte utzi dute eta EAEn 20:00 arte baina eurek %50eko edukiera dute eta guk %30ekoa. Ostatu bakoitza mundu bat da, baina nik pertsonalki nahiago dut 20:00 arte eta %50eko edukierarekin. 22:00 arte irekita afariak emateko aukerarik ez dudanez, eguerdian bazkari batzuk gehiago eman ahalko nituzke… Horrez gain, nabarmentzekoa da Nafarroa izan dela ostalaritza ixten lehenbizikoa eta irekitzen azkenekoa.

«Nafarroa izan da ostalaritza ixten lehenbizikoa eta irekitzen azkenekoa»

Ostalaritzan 2.850 eurotik 25.000 eurora bitarteko laguntzak iragarri zituzten...

Gezurra, hori sinetsarazi nahi izan dutena da. Eta halakoak irakurtzeak izugarrizko amorrua eragiten dit. Ez da inor ailegatuko 25.000 euro kobratzera. 5.000 euro kobratzen ahal dituenak ere, horrekin ez du hilabete bateko kostuentzako ere aski izanen. Hipoteka edo alokairua dela, argia dela, ura dela, langileen Gizarte Segurantza… Eta hori kobratu ahal izateko kristoren baldintza pila bete behar dira. Tartean, Nafarroako Gobernuak autonomoei eman zigun laguntza hura onartua izan behar da. Onartuak izan ez zirenek ez dute kobratuko, ez du zentzurik baina tira… Joan den egunean, bertze ostalari batek bere egoera kontatu zidan. Ostatuko fakturak ordaindu ahal izateko, fabrika batean hasi zen lanean, eta orain, lanean aritu delako ez du laguntza hori jasotzen ahal…

Behin eta berriz aipatu duzue ostalaritza leku segurua dela.

Ez dugu ulertzen. Ostalarien ordezkariek erantzunak eskatzen dituzte, zertan oinarritzen diren erabaki horiek hartzerako orduan etab. Datuak ezin dituzte oinarri hartu, horien arabera, kutsatzeen %2,7 bakarrik dira ostalaritzakoak. Bertzeak familian, lagunartean, kale zurrutan… kutsatuak dira. Beraz, zergatik egon behar dugu guk itxita edo %30eko edukierarekin lanean? Ez dago erantzunik eta, erantzunik ez dagoenez, ez dugu ulertzen.

«Datuen arabera, kutsatzeen %2,7 bakarrik izan dira ostatuetan»

Iruñean mobilizazioak egin zenituzten… Zerbait lortu zen?

Mugitzen den jende guzirako gutti bildu ginen. Ostalaritzak kate luzea du gibeletik: «edari banatzaileak, hornitzaileak…». Gobernuak ez zuela inor atzean utziko erran zuen baina… Mobilizazioekin hasi ginenean, mahai teknikoa antolatu zuten, osasun arlokoak, ostalaritzakoak, gobernukoak… bilduz.

Bileran sektorearen proposamenak eta eskaerak ez zituela kontuan hartu nabarmendu izan duzue.

Mahai inguruan zer baldintzetan ireki erabakitzea zen asmoa. Bilerak egiten hasi zirenean, ordea, hori ez zela horrela izanen ohartu ziren, aitzineko egunean erabakiak prentsan agertu baitziren. Bileretan ez zegoen negoziaziorik, erabakien berri eman bertzerik ez zuten egiten. Azkenean ostalariek ez joatea erabaki zuten, neurrien berri jasotzeko bakarrik… Bertze bilera bat eskatu zuten eta jarrera bera hartu zutenez ostalaritzako ordezkariek alde egin zuten.

«Sektorearen eskaerak negoziatzeko bileretan erabakien berri eman bertzerik ez zuten egin»

Zer da sektoreak eskatzen duena?

Egia da ostalaritza itxi zenean kutsatze kopuruak behera egin zuela. Baina ostalaritza ixtearekin batera, bertze neurri batzuk ere hartu zituzten: Nafarroa itxi zuten eta etxeratze agindua paratu zuten. Onartu behar dugu, ostalaritzan musukoa kentzen dugula: bazkaltzeko, edateko… Neurriak hartu behar direla bertze komertzioetan bezala? Bai, baina lan egiten uztea nahi dugu.

Ostalaritzan arazoa dagoela frogatuz gero, eta ixtea beharrezkoa bada, horrek dakarren ondorioei aurre egiteko bertzelako alternatibak behar dira. Edukieraren %30arekin ez da errentagarria ateratzen eta %50arekin hagitz kasu guttitan. Orduan, erreskate plan bat behar dugu, egiazko erreskate plan bat. Baina ez erran 25.000 euro ematen zaizkiela ostalariei, ez erran inoiz baino diru gehiago jarri dela mahai gainean ostalariendako… ez delako egia. Eurek aipatzen dituzten  milioi pila horietan guztietan ERTEak eta abalak sartu dituzte eta horiek ez dira dirulaguntzak, ERTEak langileen eskubideak dira eta abalak gero bueltatu egin behar dira. Autonomoen kuota, langileen Gizarte Segurantza, jarduera ekonomikoaren gaineko zerga (JEZa)… berdin-berdin ordaintzen ari gara, eta gainera autonomoen kuota 30 euro goitu dute. Ezin badugu ohiko baldintzetan ireki, dagokigun ordain ekonomikoa eman beharko ligukete. Martxotik horrela gaude eta jendea diru hori eman digutela sinetsita dago.

«Ezin badugu ohiko baldintzetan ireki dagokigun ordain ekonomikoa eman beharko ligukete»

Bederatzi hilabete joan dira horrela…

Bai, eta gogorra da. Momentu honetan, erraterako, abenduaren 25erako, bi familien enkargua nuen: 17 pertsonako batena eta zortzi laguneko bertze batena. 17 lagunekoa ezin dut hartu, %30a 12 lagun direlako baina bai zortzikoak. Gure bataz bertzeko prezioa 35 eurokoa bada, Eguberri Egunean hori emateko eta inor gehiago ezin hartu egoteko ireki behar dut? Merezi dit? 17 horiei ezetz erran behar diet bi aste lehenago… Gainera, horiek baino beranduago eskatu zidaten zortzi lagunak hartu behar ditut?

Luzatuz gero, zer ondorio eraginen du egoera honek?

Aunitzek ez dute irekitzeko aukerarik izanen. Iruñean batzuek itxi dute dagoeneko… Eta gelditzen garenontzat, honen iraupenaren araberakoa izanen da etorkizuna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun