Hamady FALL eta Goretti ALTZURI

«Senegalgo alaitasuna faltan sumatzen dut»

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 24a, 09:00

Hamady Fall Senegaletik etorri eta astegunez Tuteran eta asteburu zein oporraldietan Aurtitzen bizi da. Hamadyk hainbat urte daramatza Euskal Herrian, baina, oraindik ere, Senegalgo zenbait ohitura mantentzen dituela adierazi du «Senegali terangaren herrialde deitzen zaio, wolof hizkuntzan eskuzabal erran nahi duena».

Bertan, denak ongi etorriak direla argudiatu du eta kultura guztiak errespetatu eta ospatzen direla gaineratu du. «Herritarren gehiengoa musulmana da, baina badira katoliko eta animistak ere», eta pentsa litekeenaren kontra «arrazoi kultural eta erlijiosoengatik gatazkarik ez dagoela» adierazi du Hamadyk. Gainera, «arrunt herrialde bestazalea» dela eta «mota guztietako bestak» ospatzen dituztela aitortu du. Horien artean, baita Eguberriak ere.

Bere erlijioari jarraiki «musulmanen besta nagusia tabaskia dela» kontatu du, «katolikoentzat Eguberriak diren bezala». Hala ere, berak, bi kultura eta erlijioetatik onena aprobetxatu eta biak ospatzen dituela gaineratu du, irribarrez.

Senegalen bizi zeneko garaiak gogoratuz, «musulmanak bakarrik bizi diren eta hiriguneetatik aldenduak dauden zenbait herrixkatan, anitzetan, Eguberriak direnik ere oroitu egiten ez direla» gaineratu du.

Bai Senegalen baita Aurtitzen ere, Eguberri bezperan, abenduaren 24 gauean, afaria egiteko ohitura dutela aipatu du, baina, mendebaldeko gizartean ospakizun hauek anitzez ere «arautuagoak» daudela uste du «hemen arau batzuk bete behar direla iruditzen zait eta ez direla mundu guztiaren gustukoak izaten. Senegalen ez, han bakoitzak nahi duen moduan ospatzen ditu egun hauek: familiarekin, lagunekin edo lagun katolikoren baten etxean».

Senegal eta Euskal Herriaren arteko bertze alde handienetariko bat Eguberrietako pertsonaiak dira. Hamadyk Olentzero eta Mari Domingi lehen aldiz Iturenen ezagutu zituen eta bertan haur eta helduek zuten ilusioa beti gogoratuko duela adierazi du. Berak, Senegalen, opariak Papa Noelen bidez jasotzen zituen «baina, Papa Noel beltza, noski» dio irribarre zabalez.

«Euskal Herriko Eguberrietatik, eta oro har, edozein bestetatik gehien harritzen nauena bazkalondoan edo afalondoan hainbertze denbora mahai inguruan eserita egotea da». Honi lotuta,  «Senegalgo alaitasun eta espontaneotasunaren» faltan sumatzen ditu .

«Han ospakizunak, normalean, etxe atarietan egiten dira. Bertan, lagun zein familiakoekin jan eta edan ondotik, bizilagunekin elkartu eta solasaldi luzeak izaten ditugu. Azkenik, aspertu edo argitu arte lagunekin dantzan ibili ohi gara».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun