Urte honi bukaera ona emateko, Doneztebeko Mendi Abesbatzako kideek Eguberri Kontzertu berezia antolatu dute, Donostiako Udalaren Txistulari Taldearen laguntzarekin ortziralean 19:30ean Doneztebeko kiroldegian.
Programari dagokionez, hasierako zatia Jose Maria Iparragirre zenari eskainiko diote, aurten bere jaiotzaren 200. urteurrena ospatzeko. «Guztiontzako ezagunak diren Hara nun diran, Zibilak esan naute edota Gazte gaztetandikan» bezalako doinuak abestuko dituztela iragarri dute, «Javier Bello Portu eta Xabier Sarasola gipuzkoarren moldaketetan». Bigarren zatian, berriz, Eguberietako doinuak joko dituzte. Berezitasun gisa, «estreinakoz Federico Moreno-Torroba Larreglaren En silencio de la noche oscura» abestia joko dute. Aditzera eman dutenez «herriko musikari honek sortutako Eguberrietako kanta hau behin bakarrik interpretatua izan da, zehazki, Madrilen».
Kontzertuan indarrean dauden segurtasun neurri guztiak xeheki beteko dira, eta horren eraginez, edukiera mugatzeko gonbidapena izatea beharrezkoa izanen da. Gonbidapenak ortzirale goizean bertan Doneztebeko udaletxean edota arratsaldean bertako liburutegian eskuratu daitezke eta doakoak dira.