Olentzero eta Mari Domingiren bisita izanen dute Zubietan abenduaren 19an eta 24an

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 17a, 08:00

Ezohiko moduan, baina Olentzero eta Mari Domingiren bisita izanen dute aurten ere Zubietan. Joan den urteetan bezala, Mari Domingi izanen da herria bisitatzen lehenbizikoa. Haurren eskariak zein diren jakiteko, gutunak biltzera etorriko da abenduaren 19an. 19:00 aldera ailegatuko da herrira eta karrikaz karrika ibiliko da.

Etxez etxeko buelta

Abenduaren 24a izanen da egun handia. Izan ere, Mari Domingi eta Olentzero etorriko dira. Orain artean estalpea izan ohi zen haurren eta bisitarien bilgune. Hala ere, koronabirusak eragindako egoeragatik, aurten jende pilaketak saihesteko, herrian barrena ibiliko dira.

Segurtasun neurri guztiak betez

Bizi dugun osasun egoera berezia dela eta, maskara jantzita etorriko dira Olentzero eta Mari Domingi eta haiengana gerturatzen direnek ere halaxe egin beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun