Alfredo ZUGARRAMURDI ZOZAIA

«San Tiburtzioko presa berandu izan baino lehen kendu behar da»

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 19a, 09:00

Alfredo Zugarramurdi azken hamarkadetan hainbat uholde eragin dituen San Tiburtzioko presaren ondoan.

Alfredo ZUGARRAMURDI ZOZAIA, Doneztebeko Uhartekoa.

AEMS-Ríos con Vida de Navarra elkarteak eskaera bat aurkeztu du Kantauriko Ur Konfederazioan (CHC), Donezteben Iberdrolaren San Tiburtzioko zentral hidroelektrikoaren kontzesioa iraungitzeko. Bidasoa ibaian ditu instalazioak, Doneztebe eta Sunbillaren artean, eta 74 urte daramatza indarrean.

Legeriak gehienez ere 75 urteko muga jartzen die instalazio horiei (zehazki, 2021eko urriaren 14an beteko da), eta muga hori bete baino hiru urte lehenago has daiteke iraungitze-espedientea. Horregatik egin du orain eskaera elkarte horrek. Oharrean dioenez, instalazio horrek eta Arrizurriagako presak (San Tiburtzio ere erraten zaio) «izokinak migratzeko eta inguru horretan biodibertsitatearendako sortzen dituen ingurumen-arazoez gain, ia 75 urtez, uholde ugari eta errepikatuak eragin ditu Donezteben, eta, noizbait presa kolapsatuko balitz, Sunbillarendako arrisku larria izanen litzateke».

Idatzian adierazi duenez, Doneztebeko jendea «nazkatuta» dago azpiegitura horrekin. Hain zuzen, 1980ko hamarkadan alkate izan zen Alfredo Zugarramurdik lagundu die alegazioekin, eta hamarkada batzuk daramatza presa horrek uholde bat dagoen bakoitzean sortzen dituen ondorioez kexatzen. Uhartea etxeko balkoitik hartu gaitu Zugarramurdik. 1983an altuera horretara ailegatu zen uholdea, eta «behiak ukuilutik atera eta mendira bota behar izan genituen» gogoratzen du.

Aitzinetik ez zela halakorik eta presa eraiki zenetik, ia urtero izaten dituztela uholdeak dio, «elur gehiago egiten zuenean, baita urtean bitan ere». Horretaz gain, 20-30 urtero ‘tanta hotza’ bezala ezagutzen den fenomenoa gertatzen da eta urak dena eramaten du aitzinean. «1953an Bidasoko trenbidearen zati bat hondatu zuen eta nik uste horregatik itxi behar izan zutela hiru urte beranduago, kalte-ordainik jaso ez zutelako. 1983koa ere gogoan dugu aunitzek, 2009an…». Teknikoki, «inoiz eraiki beharko ez litzatekeen azpiegitura» dela uste du, «hasieratik gaizki diseinatua dago».

«Lehertuko balitz arrisku handia izanen luke Sunbillak»

«Haize-errota batek Bidasoko zentral guztiek baino energia gehiago sortzen du»

Zugarramurdiren iritziz, horrelako instalazioek ez dute energia aunitzik sortzen, «haize-errota batek gaur egun Bidasoan funtzionatzen duten zentral guztiek baino energia gehiago sortzen baitu». Uste du, gainera, zentral eta presa horiek kentzeak N-121-A errepidea hobetzea erraztuko lukeela, «egungo trazadura neurri handi batean instalazio horiek baldintzatzen baitute. Zehazki, hemen (ibaiaren bertze aldera seinalatzen du) errepide horretako puntu beltzik handienetariko bat dugu, eta bihurgune hori kendu egin liteke San Tiburcioko presa desagertzen bada».

Ríos con Vida elkarteak CHCri egindako eskaeraz gain, Zugarramurdik sinadura bilketa hasi du Donezteben, «batez ere, arazoa ezagutzera emateko, jende aunitzek ez baitu ezagutzen edo ez du kezkarik. Azken hamarkadetan izan diren kolore guztietako Nafarroako gobernuek bezala, ez diote kasurik egiten».

Azpimarratu behar da San Tiburtzioko zentrala dela Bidasoan iraungitzen den lehena, 75 urteko kontzesioa akitzeagatik, «baina hurrengo hamarkadan bertze batzuk iraungiko dira, eta pixkanaka ezabatuko direla espero dugu. Berri bikaina izanen litzateke hori ibaiarentzat, eta betetzea espero dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun