Nafarroako aizkora txapelketa nagusiaren finala jokatuko dute igande eguerdian Donezteben

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 4a, 09:00
Finalean ariko diren aizkolariak, urriaren 4an jokatutako kanporaketaren ondotik.

Gizonezkoen eta emakumezkoen arpana txapelketak ere bertan erabakiko dira

Nafarroako aizkora txapelketa nagusiaren finala jokatuko dute abenduaren 6an, igande eguerdiko hamabietan Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan, ate itxiekin. Urriaren 4an Lekunberrin jokatutako kanporaketan txartela lortu zuen boskotea ariko da lehian: Iker Vicente (Otsagabia), Jon Rekondo (Leitza), Eneko Saralegi (Leitza), Ruben Saralegi (Leitza) eta Oier Kañamares (Aroztegi).

Finaleko ohiko lana egin beharko dute: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztea.

 

Arpana txapelketak ere

Final honekin batera, Nafarroako gizonezkoen eta emakumezkoen arpana txapelketak ere jokatuko dituzte Doneztebeko jaialdian. Hau idazterakoan, bakoitzan bi bikotek emana zuten izena: gizonezkoetan Josetxo eta Iñaki Barberena eta Adrian Berruezo eta Alberto Oteiza. Emakumezkoetan, berriz, Iraizoz ahizpak eta Alaitz Olano eta Olatz Altuna. Beraz, ez da eskualdeko kirolaririk.

Lekunberriko aizkora kanporaketak bi jautsiera ere ekarri zituen, azken bi postuetan sailkatutako Goizeder Belza eta Xuban Kañamares bigarren mailara jautsi baitira.

Azken hirugarren izan zen Joxean Etxeberriak, berriz, lesio baten ondorioz kanporaketan parte hartzerik izan ez zuen Juan Jose Lopezen kontrako jaitsiera kanporaketa jokatzea eskatu zuen. Nafarroako Herri Kirol Federaziotik jakinarazi dutenez, kanporaketa honen data ez dago zehaztua oraindik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun