San Tiburtzioko presa eta zentrala kentzeko eskaria egin du Ríos Con Vida elkarteak

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 27a, 10:00
Alfredo Zugarramurdi San Tiburtzioko presaren ondoan, 2009ko uholdeetako argazki bat eskuetan duela.

Datorren urtean beteko ditu 75 urte Doneztebeko instalazioak eta, legearen arabera, kontzesioa epe horretan akituko da

AEMS-Ríos con Vida de Navarra elkarteak eskaera bat aurkeztu du Kantauriko Ur Konfederazioan, Donezteben Iberdrolaren San Tiburtzioko zentral hidroelektrikoaren kontzesioa bertan behera uzteko. Bidasoa ibaian ditu instalazioak, Doneztebe eta Sunbillaren artean, eta 74 urte daramatza indarrean. Legeriak gehienez ere 75 urteko muga jartzen die instalazio horiei (zehazki, 2021eko urriaren 14an beteko da), eta muga hori bete baino 3 urte lehenago hasi daiteke iraungitze-espedientea. Horregatik egin du orain eskaera elkarte honek.

Oharrean diotenez, instalazio horrek eta Arrizurriagako presak (San Tiburtzio ere erraten zaio) «izokinak migratzeko eta inguru horretan biodibertsitatearentzako sortzen dituen ingurumen-arazoez gain, ia 75 urtez, uholde ugari eta errepikatuak eragin ditu Donezteben, eta, noizbait presa kolapsatuko balitz, Sunbillarentzako arrisku larria izanen litzateke».

Idatzian adierazi dutenez, Doneztebeko jendea nazkatuta dago azpiegitura horrekin. Hain zuzen, 1980ko hamarkadan alkate izan zen Alfredo Zugarramurdik lagundu die alegazioekin, eta hamarkada batzuk daramatza presa horrek uholde bat dagoen bakoitzean sortzen dituen ondorioez kexatzen. Uhartea etxeko balkoian hartu gaitu Zugarramurdik. 1983an altuera horrerara iritsi zen uholdea, eta «behiak ukuilutik atera eta mendira bota behar izan genituen» gogoratzen du.

Aitzinetik ez zela halakorik eta presa eraiki zenetik, ia urtero izaten dituztela uholdeak dio, «elur gehiago egiten zuenean baita urtean bitan ere». Horretaz gain, 20-30 urtero ‘tanta hotza’ bezala ezagutzen den fenomenoa gertatzen da eta urak dena eramaten du aitzinean. «1953an Bidasoko trenbidearen zati bat hondatu zuen eta nik uste horregatik itxi behar izan zutela hiru urte beranduago, kalte-ordainik jaso ez zutelako. 1983koa ere gogoan dugu aunitzek, 2009an…».

1953ko uholdeek trenbide zati handi bat hondatu zuten.

 

«Haize-errota batek Bidasoko zentral guztiek baino energia gehiago sortzen du»

Zugarramurdiren iritziz, horrelako instalazioek ere ez dute energia anitzik sortzen, «haize-errota batek gaur egun Bidasoan funtzionatzen duten zentral guztiek baino energia gehiago sortzen baitu». Uste du, gainera, zentral eta presa horiek kentzeak N-121-A errepidea hobetzea erraztuko lukeela, «egungo trazadura neurri handi batean instalazio horiek baldintzatzen baitute. Zehazki, hemen (ibaiaren bertze aldera seinalatzen du) errepide horretako puntu beltzik handienetako bat dugu, eta bihurgune hori kendu egin liteke San Tiburcioko presa desagertzen bada».

Ríos con Vida elkarteak CHCri egindako eskaeraz gain, Zugarramurdik sinadura-bilketa hasi du Donezteben, «batez ere, arazoa ezagutzera emateko, jende aunitzek ez baitu ezagutzen edo ez du kezkarik. Azken hamarkadetan izan diren kolore guztietako Nafarroako gobernuek bezala, ez diote kasurik egiten».

Ríos con Vida elkarteak San Tiburtzioko presan egindako elkarretaratzean.

 

Azpimarratu behar da San Tiburzioko zentrala dela Bidasoan iraungitzen den lehena, 75 urteko kontzesioa akitzeagatik, «baina hurrengo hamarkadan bertze batzuk iraungiko dira, eta pixkanaka ezabatuko direla espero dugu. Berri bikaina izanen litzateke hori ibaiarentzat, eta betetzea espero dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun