Urrozen eta Donamarian gasaren instalazioa berrikusten ibili direnak legalki aritu direla baieztatu du Donamariako Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 25a, 08:30
Argazkia: valledebaztan.com

Hautsak harrotu ditu atzo Urrozen eta Donamarian gasaren instalazioa berrikusten aritu ziren lagunen presentziak. Nafarroako Gobernuak gas instalazioen ikuskapenetan iruzurrak egiten ari zirela ohartarazi ondotik, atzo plano handi bat eskuan, etxez etxe gasaren instalazioa berrikusi behar dutela erranez, bi lagun ikusi zituzten Urrozen, «baimenik gabe». Urrozko Udalak berrikusteko lan horren inguruko jakinarazpenik ez duela jaso adierazi zion TTIPI-TTAPAri. Horren harira, Donamariako Udaletik adierazi dute, foru-poliziarekin mintzatu direla eta Cepsak azpikontratatutako enpresa batekoak direla eta legalki ari direla. «Kontua da akreditaziorik gabe zebiltzala».

Donamariako Udaletik adierazi dutenez, gaur Legasan ibiliko dira eta ondotik Ultzamarako bidea hartuko dute. «Foru-poliziak lasaitasun mezua bidali du».

Nafarroako Gobernuak gas instalazioen ikuskapenetarako egindako ohartarazpenak

  • Banaketa-sareetatik elikatutako instalazioen kasuan: ikuskapena bortz urtetik behin egiten dute eta enpresa banatzaileak hiru hilabete lehenagotik abisatzen du. Haiek ikuskatzea erabakiz gero, guttienez bortz egun lehenago adosten da bisita. Ordainketa gas fakturaren bidez egiten da.
  • Banaketa sarera konektatu gabeko hoditeria zurruneko instalazio finkoen kasuan (butanozko edo propanozko bonbonak eta bonbonen bateriak): azterketa bortz urtetik behin egin behar da, instalazioaren titularrak edo erabiltzaileak abisatzen duenean. Ordainketa aitzinetik kontaktatutako enpresa instalatzaile gaituari egiten zaio.
  • Erabilera mugikorreko gailuak, hodi malguko bonbona bakar batez elikatuak diren instalazioak (15 kiloko edukieratik beheiti): ez da nahitaezkoa ikuskapenak eta azterketak egitea.

Nafarroako Gobernuak gas instalazioen ikuskapenetarako emandako aholkuak

  • Ez utzi ezezagunei etxean sartzen eta saihestu eskudirutan ordaintzea.
  • Ez dago mantentze-lanetarako kontratu bat sinatu beharrik.
  • Ikusi lehenagotik ikuskapen-data. Bortz urterako balio du eta baieztatu benetan egitea dagokizun edo ez.
  • Aurrekontua eskatu ikuskapena edo azterketa baino lehen, berrikusi eta sinatu ados bazaude.
  • Fidatzen ez bazara edo zalantzak izanez gero, Foruzaingoarekin harremanetan jarri: 948 202 920.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun