Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketako azken kanporaketa egin zuten larunbatean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 23a, 20:30
Aizkolariak lanean larunbatean Donezteben jokatu zen azken kanporaketan.

Datorren igandean Bastidan (Araba) jokatuko den finalerako zortzikotea osatuta gelditu da honenbertzez eta Julen Olano leitzarra izanen da eskualdeko aizkolari bakarra

Covid-19a dela eta, hirugarren mailako zazpi aizkolarik ezin izan zuten Euskal Herriko txapelketan zegokien kanporaketetan parte hartu: batzuk Nafarroatik ateratzeko debekuagatik, bertze batzuk eritasunagatik beragatik. Horren aitzinean, Euskadiko Federazioko Zuzendari Batzordeak erabaki zuen gauden ohiz kanpoko egoeran, ohiz kanpoko erabaki bat hartzea: Zazpi aizkolari horiek txapelketatik kanpoan ez uzteko, zazpirekin bertze kanporaketa bat egitea eta kanporaketa horretatik bertze bi aizkolari sailkatzea finalerako (finala 8 aizkolarirekin jokatuko da). Azken kanporaketa hau, azaroaren 21ean, larunbat arratsaldean jokatu zuten Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan, ate itxikien, publikorik gabe. Etxarri Aranazko Goizeder Belzak eta Arribeko Ibai Soroak lortu zuten finalerako txartela.

Aizkolari bakoitzak lau kanaerdiko moztu behar izan zituen.

Emaitzak:

  1. Goizeder Belza (Etxarri Aranatz, Nafarroa) 9:42.98
  2. Ibai Soroa (Arribe, Nafarroa) 10:06.14
  3. Xuban Kañamares (Arostegi, Nafarroa) 10:16.24
  4. Jon Telletxea (Beintza Labaien, Nafarroa) 10:33.02
  5. Iker Gorriti (Uharte Arakil, Nafarroa) 13:03.84
  6. Markel Zapiain (Astigarraga, Gipuzkoa) 13:04.75
  7. Oier Larretxea (Bera, Nafarroa) 17:40.81

Lehen bi sailkatuek finalerako txartela lortu zuten.

Finala igande goizean Bastidan

Hirugarren mailako finala datorren igandean, azaroak 29, goizeko 11:00etan  jokatuko da Bastidako (Araba) pilotalekuan. Leitzako Julen Olano izanen da eskualdeko aizkolari bakarra

Finalean parte hartuko duten 8 aizkolariak hauek izanen dira:

Txomin Amundarain (Arribe), Julen Olano (Leitza), Alvaro García Hoyuelos (Segovia), Unai Otaegi (Gipuzkoa), Luis Polanco (Araba), Julen Aranberri (Gipuzkoa), Goizeder Belza (Etxarri Aranatz) eta Ibai Soroa (Arribe). Hiru kanaerdiko eta bi 60 ontzako moztu beharko dituzte.

Ondotik jokatuko den bigarren mailako finalean Joxean Etxeberria eta Oihan Larretxea

Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora finala bukatu ondoren, 13:00etan Euskal Herriko bigarren mailako aizkora finala jokatuko dute Bastidan.

Zigako Joxean Etxeberria eta Berako Oihan Larretxea izanen dira eskualdeko ordezkariak eta beraiekin batera, Hodei Ezpeleta (Bizkaia), Luis Mari Txapartegi (Gipuzkoa), Xabier Zaldua (Gipuzkoa), Oier Kañamares (Arostegi-Nafarroa), eta Iban Resano (Dorrao-Nafarroa) ariko dira.

Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko dituzte

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun