COVID-19: Elkarrizketak

«Egoerak gehiago kezkatzen gintuen gaixotu baino lehen»

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 29a, 09:00

Oihana Elizaldek, bikotekideak, alabak eta amak pasatu dute Covid-19a.

Oihana ELIZALDE MITXELENA, Covid-19a pasatu duen aurtiztarra.

Elizalderen etxeko guztiek pasatu dute koronabirusa eta sintomak izan dituztela dio, baina arinak. Okerrena, ordea, gaixotu aitzinetik eta ondotik ingurukoak kutsatzeko sentitu duen beldurra izan omen da.

Irail erdialdean agertu zitzaien ate joka koronabirusa Oihana Elizalde Mitxelenari (Aurtitz, 1989) eta bere etxekoei, berak dioenez, «inondik inora espero ez» zutenean. Elizaldek berak ez ezik, Iñaki Telletxea Iribarren bikotekideak, orduan zazpi hilabete eskas zituen Haizea alabak eta Elizalderen amak ere positibo eman zuten. Hasiera hartan, «harrituta bezain urdurituta» sentitu omen ziren, baina onartu digunez, egun batzuetako kontua izan zen. Gaur egun, birusa gaindituta, «aski ongi» sentitzen direla aitortu digu Elizaldek, «inolako ondoriorik gabe».

Irail erdialdean koronabirusean positibo eman zenuten. Nola izan zen?

Iñaki sintomekin hasi zen, baina PCR proban negatibo atera zitzaion. Katarro bat edo izanen zuela erran zion medikuak, eta lasai geunden. Emaitza erran ziguten egun bereko ilunabarrean, Haizea sukarrarekin hasi zen, baina aitak bezala katarro bat edo izanen zuela pentsatu genuen. Hala ere, medikuak, protokoloak segitu behar zirela eta, proba egitera bidali gintuen eta positibo eman zuen. Horren ondotik, inguruko guztiok proba egin genuen. Iñakiri ere berriz egin zioten proba, hasieran egindakoa negatibo faltsua izanen zelakoan. Iñakik, nire amak eta nik eman genuen positibo.

Nola sentitu zineten?

Ez genuen inondik inora ere espero, eta hasieran, harrituta bezain urduri sentitu ginen. Haizearen emaitza PCRa egin eta hurrengo egunean jakin genuen, baina ordurako Haizea ongi zegoen, eta horrek nolabait lasaitu gintuen. Kezkatzen gintuztenak familiako bertze kideak ziren. Sentimendu aunitz nahasi zitzaizkigun: kezka ingurukoengatik, harridura, nolabaiteko errudun sentsazioa, amorrua... Baina, behin hasiera hori pasatuta, lasai egon ginela erranen nuke.

«Bikotekideak, alabak, amak eta laurok eman genuen positibo»

Zein neurri hartu zenituzten?

Egia erran, ongi tokatu zen, hirurek batera eman genuelako positibo. Etxean hirurak bakarrik bizi garenez, etxe osoan elkarrekin egon ginen eta dena erran behar bada, Haizeak aunitz gozatu zuen biok etxean berarekin egon ginelako.

Zer egin zitzaizuen gogorrena?

Sintomen aldetik ez zen gogorra izan. Pentsamenduak, tarteka, maingu egiten zigun, bakoitzak nolako bilakaera izanen ote genuen... Okerrena, ordea, ingurukoengatik genuen kezka zen. Egunero, ernatu orduko, lehenbizi nire ama zer moduz ote zegoen jakin nahi izaten nuen. Eskerrak asintomatikoa izan zen...

Zein sintoma izan zenituzten?

Gure kasuan, hirurok izan genituen sintomak. Lehenbiziko egunean, hotzikarekin hasi ginen, gero sukarra izan genuen eta hurrengo egunean buruko karga handi samarra sentitu genuen. Sukarra, hiruron kasuan, ordu batzuetako kontua izan zen, eta hortik aitzinera ez genuen berriz izan. Nik usaimena ere galdu nuen eta nire usaimenak aste bateko oporraldia hartu zuen. Gainerakoan, mukieria pixka bat eta katarro arin baten sentsazioa izan genuen egun batzuez. Haizeak arratsalde bat eta hurrengo eguna pasatu zituen arraro, baina hortik aitzinera ez zitzaion deus nabaritu. Ongi ikusten genuen eta, beraz, ez genuen batere gaizki pasatu. Egoerak gehiago kezkatzen gintuen koronabirusa pasatu baino lehen.

«Orain aski ongi gaude, ez dugu inolako ondoriorik»

Ondoriorik utzi dizue koronabirusak?

Aski ongi sentitzen gara, ez dugu inolako ondoriorik nabaritzen. Eskerrak!

Gaixotasuna pasatua izateak zerbait aldatu du zuengan?

Guk neurriak hartzen segitzen dugu, orain arte egin duguna egiten. Agian sentsazio lasaiagoarekin gaude, baina arduraz jokatzen segitzen dugu. Momentu honetan triste, bakardadean, beldurturik... daudenek kezkatzen naute, baita ospitaleetako egoerak ere. Bizitzak aitzinera segitzen du eta bertze hainbat tratamendu edo artatze ere beharrezkoak dira.

Zerbait gaineratuko zenuke?

Elkar zaintzeko, horretarako modu aunitz daude eta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun