Zubietako kaleen izenak euskaratu eta egokitu dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 28a, 16:00
Landa goiko bidea.

Kale berriak sortu dituzte eta besteei izendapen berria eman diete.

Zubietako udalak herriko karriken izendegia berrikusi eta antolatu du. Lan horien bidez, herriko karriken izenak euskara hutsean paratu, zenbakiak ordenatu edo zuzendu eta kale batzuk berrantolatu ditu, berriak sortuz. Udalak, azken horiek izendatzeko, toponimoak erabiltzea erabaki du.

Karriken izenak euskaraz

Euskaratu ondotik, orain artean 'Calle Mayor' izenarekin agertzen zena Kale Nagusia izanen da aurrerantzean; 'Calle Alta' Goiko kalea, 'Calle Baja' Beheko kalea eta 'Calle Menor' Kale txikia.

Horrez gain, sortutako kaleak Azperro kalea (orain artean 'Calle Mayor'), Zortotzako bidea (lehen 'Calle Mayor'), Landako Bidea, Zakelo kalea (orain artean 'Calle Menor'), Landako goiko bidea eta Aingeru Iturriko bidea (lehen 'Calle Mayor') izanen dira.

Aldaketak eginak eta jakinaraziak

Zubietako Udalak aldaketa jaso duten herritarrei jakinarazpena bidali die; eta horretaz gain, interesa duten guztiendako, herriko mapa (egindako aldaketekin) www.zubieta.eus webgunean jarri du eskuragarri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun