‘Mendi biluzia’ dokumentala aurkeztu du Alex Txikonek Doneztebeko Mendiaren Egunean

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 23a, 11:00

Hiru saiotan banatutako 180 lagunek ikusi zuten 2016an Nanga Parbatera egindako lehen neguko igoerari buruzko ikusentzunekoa

180 lagunek ikusi zuten larunbatean Doneztebeko zineman Alex Txikonek zuzendutako ‘Mendi Biluzia’ dokumentala. Mendizale bizkaitarrak eta bere taldekideek 2016an Nanga Parbatera egindako igoera azaltzen du dokumentalak, zortzi milako mendi honetara neguan lehen aldiz egin den igoera, hain zuzen. Erreka elkartearen Mendiaren Egunaren barrenean bi emanaldi antolatuak zituen hasieran, baina sarrerak bi egunez agortu zirenez, hirugarren bat ere antolatu zuten. Denetan gehieneko edukiera, 60 lagun izan zuten.

Alex Txikonek aurkeztu zuen ‘Mendi biluzia’ proiekzioa ederra izan zen, espedizioaren nondik norakoak ederki azaltzen baititu ikusentzunekoak. Horretaz gain, izen bereko liburua ere bertan zegoen salgai eta liburuak eta posterrak sinatzen eman zituen orduak. Gainera, Elur egitasmoaren berri ere eman zuten bere kideek. Hain zuzen, erreskate lanetan lagungarri den gailu baten inguruko proiektua da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun