Binakako Erremonte Txapelketak bere Urrezko Ezteiak beteko ditu

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 19a, 11:00

Binakako txapelketa berezi honetan parte hartuko duten bortz bikoteak, asteazkenean Galarretako atarian.

Aritz Juanenea eta Endika Urrutia saldiastarrak izanen dira eskualdeko ordezkari bakarrak 

Orona-Ideoko egoitzan aurkeztu zen azaroaren 18an 50. Binakako Erremonte Txapelketa. Binakako Txapelketa berezia, batez ere bi arrazoirengatik: lehena, zalantzarik gabe, osasun-krisiagatik eta edozein ekitaldik, erremontea ere, baldintzatzen duenagatik; bigarrena, aurten 50. edizioa ospatzen delako eta, beraz, bere Urrezko Ezteiak betetzen dituelako. Bost bikote lehiatuko dira eta eskualdeko erremontistei dagokienez, Aritz Juanenea saldiastarrak Larrañaga izanen du bikote eta Endika Urrutia saldiastarrak Goikoetxea V.a.

Txapelketa larunbat honetan bertan, azaroaren 21ean, hasiko da jokatzen, eta final handia 2021eko urtarrilaren 2an jokatuko da. Beraz, txapelketa bi urtetan jokatuko da, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. 

Bost bikotek osatzen dute txapelketa eta talde bat osastuko dute, non denek denen aurka neurtuko dituzten indarrak. Urriza-Labaka, Ansa II-Aizpuru III, Juanenea-Larrañaga, Goikoetxea V-Endika eta Segurola-Barrenetxea IV dira bost bikoteak. Segurolak eta Labakak euren postua lortu zuten atariko batean, non Etxarri eta Zalduarekin bi partida jokatu zituzten bikoteak nahastuz. 

Lehen faseko azken bikotea txapelketatik kanpo geldituko da eta, hortaz, lau bikote sailkatuko dira hurrengo faserako. Puntuazioa ohikoa izanen da: 4 puntu partida irabazteagatik, bi puntu 36-39 tantoren artean eginez gero, puntu bat 32-35 tantoren artean eginez gero, puntu bat ere ez 26-31 tantoren artean eginez gero, eta puntu bat kenduko da 25 tanto edo gutxiago eginez gero. 

Argi dagoena da ez dela partiden atzerapenik en. 

Finalaurrekoak abenduaren 26an, finala urtarrilaren 2an

Lau bikote sailkatuek abenduaren 26an neurtuko dituzte indarrak bi finalaurrekotan. Batean ligaxkako lehena laugarrenaren aurka neurtuko da eta bestean bigarrena hirugarrenaren aurka. Bi irabazleak 2021eko urtarrilaren 2ko final handira pasako dira. 

Binakako Txapelketa azaroaren 21ean, larunbatean, hasiko da bi partidekin. Lehenengoan Urrizak eta Labakak, Juanenea eta Larrañagarekin neurtuko dituzte indarrak. Bigarren partidan Segurolak eta Barrenetxea IV.ak Goikoetxea V-Endikaren aurka jokatuko dute. Lehen jaialdi honetan Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak atseden hartuko dute.

Pasa den urtean Urriza eta Larrañagak irabazi zuten txapela Matxin III.a eta Barrrenetxea IV.a finalean gainditu eta gero.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun