Alex Txikon izanen da protagonista Errekak antolatutako Mendiaren Egunean

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 10a, 18:00
Txikon, Moro eta Sadpara Errekako antolatzaileekin 2016ko Mendiaren Egunean. Orduan ere eman zuten neguko espedizio honen berri, baina oraingoan dokumentala eta liburua esku artean duela etorrio da Txikon.

Nanga Parbateko neguko lehen espedizioari buruz ariko da azaroaren 21ean zineman

Egoerak baldintzatuta bada ere, aurten Donezteben Mendiaren Eguna ospatuko du Erreka Kirol Elkartearen eskutik. Azaroaren 21ean, larunbatean izanen da hitzordua. Alex Txikon mendizale ezaguna izanen da gure artean Mendi Biluzia proiekzioarekin. 2016ko otsailean Simone Moro eta Ali Sadpararekin batera Nanga Parbatera neguan eginiko lehendabiziko igoerari buruz dihardu dokumentalak.

Bi saio izanen dituzte Doneztebeko zineman, eta saio bakoitzeko 60 sarrera bakarrik salduko dituzte. Lehen emanaldia euskaraz izanen da 16:30etik aintzinera, eta bigarrena erdaraz, 19:00etan.  Proiekzioa akitzerakoan Alex Txikonekin solasteko aukera izanen dute bertaratzen direnek. Aipatutako espedizio horren harira ateratako liburua ere aurkeztu eta sinatuko du Alex Txikonek. Gainera zinemako kanpokoaldean karpa  bat jarriko da erreskateko azkeneko teknologiak ezagutzeko.

Sarrerak 5 eurotan salgai daude dagoeneko Doneztebeko Ostiz etxean.

Covid protokoloa betez, 60 sarrera salduko dira saio bakoitzeko, legeak agindutako aforoa betetzeko. Lehengo saioaren ondotik 18:30eko zinema aretoa hutsa egon beharko da desinfektazio lanak burutzeko. Bigarren saioan, aldiz, 21:00etarako hustu beharko dute zinema. Sarreran gel desinfektantea eskura izanen da. Lehenengo saioan 16:15ean irekiko dituzte ateak, eta bigarrenean 18:50ean, sarrera pixkanaka egin ahal izateko. Puntualitea eskatzen diete bertaratuko diren guztiei, ordutegiarekin behar bezala betetzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun