ANA ALTZURI

«Eskerrak orain arteko bestak ongi aprobetxatu ditudala»

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 6a, 07:00
Baso-ingeniaria da Ana Altzuri aurtiztarra.

Ana ALTZURI LASARTE, Lesakan bizi den aurtiztarra

Bizitokia inoiz ez da sorterriaren ordezko izan Ana Altzuri Lasarterentzat (Aurtitz, 1984). Badira urte batzuk herritik kanpo bizi dela, baina argi dio «aurtiztarra» dela eta «munduaren bertze puntan bizita ere» hala izanen litzatekeela. Hurbil bizi den arren, Lesakan «aitaren eta barrideen» falta sumatzen du eta, hutsa betetzeko, herrira maiz joatea gustatzen zaio: «ez dut nahi adina joatea lortzen...».

 Urtean zehar, badira hutsik egin ezin diren hitzorduak, eta horien artean sanmartinak egutegian ongi markatuak izan ditu. Urtez urte, ez ditu modu berean bizi: «orain egunez bizi ditut, arratserako ez baldin bada haurtzainik ez dago modurik... eskerrak ongi aprobetxatuak gelditu diren orain artekoak!».

Bada, ordea, urtez urte eutsi duen ohiturarik: «bezperan beti afaria egin izan dugu etxean, batzuetan jende aunitzekin eta bertzeetan gutxiagorekin. Aurten bigarren kasua izanen da, zoritxarrez». Herrira bisita egiteko «aitzakia haundirik ez» du behar Altzurik eta ez-bestetan bueltatxoa emateko asmotan da: «ea musukoa jantzi eta lagun artean, distantziak mantenduz eta haizea hartuz, bermuta hartzeko modurik dugun! Ez digute erraza paratu...».

Bertiz «leku berezia»

Aurtiztarrari, bertze aunitzi bezala, zenbait zaletasunetan zuzenean eragin diote koronabirusaren hedapena saihesteko hartu beharreko neurriek. Izan ere, «lagunarteko solasaldi luzeak eta bidaiak» mugatuagoak izan dira. Bertze zenbait alorretan, ordea, «zorioneko» sentitzen da. Bertiz Natur Parkean, kalitate turistikoaren Q zigiluaren kudeaketan egiten du lan eta «bakarrik» egoten denez, «norbait etortzen denean musukoa paratu eta gelarekin garbitu bertzerik ez» du egin behar. Ingurukoek, berriz, «edukiera mugatu, distantziak mantendu, musukoa jantzi eta manparak jartzearen ondorioz, jendearenganako hurbiltasuna galdu dute». Guztiaren gainetik, bisitarientzat gune segurua izatea bermatu nahi izan dute. Edozein modutan, Bertiz Natur Parkea baita parkearen historia ere bereziak dira, eta «eguraldi onarekin zein txarrarekin, lehen eta orain, beti badu zer eskainia».

Naturazaleak bueltatxo bat eman eta parkearen edertasunaz gozatzera gonbidatu nahi izan ditu Altzurik. «Bestarik ez den honetan ere, inguruan bada zer ikusi, non jan eta zertaz gozatua».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun