Prozesu horretan begiak erne eta belarriak fin izatea ezinbertzekoa da, eta horiek trebatzen ere badabil: «Mondragon Unibertsitatean ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari naiz, hirugarren mailan nago».
Kamera artean trebatu
Kamerak etxean bertan ezagutu ditu Iriartek eta, bere ustez, horrek eragin zuzena izan du hartu duen bidean: «aita argazkilaria da eta noizbehinka bere saltsan sartzeak mundu horren edertasuna erakutsi dit». Zenbat eta gehiago sartu, «orduan eta gustukoago» izan du: «aitari esker, kamera aitzinean egoteko ohitura hartu nuen...». Bide horri segika jo zuen unibertsitatera eta, bertan, pixkanaka «lasai eta gustura sentitzen, nire bidea egiten, joan naiz».
Youtube kanala sortu
Unibertsitatean ez ezik, kanpoan ere harrapatu du ikasteko modurik: «Youtuber eta Streamerren eduki aunitz ikusten ditut».
Horietan ikusitako hutsa betetzeak eman dio, hain zuzen, hasi berri duen proiektuari heltzeko aitzakia: «hamaika dira dauden edukiak baina euskaraz eskaintza ez da arront zabala... hortik sortu zen ideia, 'zergatik ez dut nik sortzen?' pentsatu nuen».
Pentsatu eta egin. Halaxe ireki zuen bere kontua doneztebar gazteak: «zalantza eta beldur aunitz izan ondotik, hurbileko jendeak eman zidan babesa baliatuz aitzinera ateratzea erabaki dut».
«Jendearen erantzuna ikaragarria izan da»
Orain arte edukiak ikustea gustuko izan badu ere, orain edukia sortzea gehiago gustatzen zaiola ohartu da Iriarte. Eta hori baliatuz, «euskaraz den aukera bat» eman nahi du.
Bere lehenbiziko bideoak Zabiron12 kontuan zintzilikatzen hasia da. Ildo horretatik jotzeko, jendeari mezua zabaldu nahi izan dio: «edozeinek edozein motatako edukia sortzen ahal duela ikustea nahiko nuke, mugikorra edo ordenagailua nahikoa da horretarako». Denen ekarpenak bilduz, «gazteok bertakoa den eta euskaraz dagoen edukia ikusi eta euskal komunitate bat sortzea» aukera ona izan litekeela uste du.
Interneta horren eskuragarri dugun garai honetan hizkuntzak bere presentzia izan dezan lan egiteko prest dago Youtuberra: «denbora aunitz pasatzen dugu sare sozialetan, ikus-entzunezkoak ikusten eta ohitura horrek iraunen duelakoan nago...».
Ideiak landu
Iriarteren lehenbiziko ekarpena Niko Mindegia herritarrari eginiko elkarrizketa izan da, «inguruan ezaguna izateaz gain, hurbilekoa dudan pertsona da eta berarekin elkarrizketa ona aterako zela seguru nekien». Aitzinera begira, berriz, bertzelako aukerak begiz joak ditu: «elkarrizketak ditut gustukoen baina Twich plataforman eta bideo-jokoetan ere interes handia dut».
Momentuz, jendearen erantzuna «ikaragarria» izan da: «jendeak proiektua zabaltzen lagundu dit eta horrek urduritasuna utzi eta aitzinera segitzeko indarra ematen dit». Hala den artean behintzat, ideiak lantzen segituko du: «bi astetik behin bideo bat goitzea pentsatu dut, baina dudan denboraren arabera izanen da, ikasketek dute lehentasuna eta».