Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?
Beti laguntzeko prest dagoen gizona eta lagun artean saltsero samarra!
Zein dira zure zaletasunak?
Zaletasun anitz ditut, baina batez ere, animaliekin lotura duten zaletasunak ditut: zaldian ibili, aziendekin egon eta ehiza batik bat.
Animaliekin denbora anitz igarotzen duzu hortaz, zein da zuri gehien gustatzen zaizun jarduera?
Zaldian ibiltzea da gehien gustatzen zaidana, zaldi gainean ibiltzeak ematen duen askatasuna!
Nondik datorkizu zaldiekiko zaletasun hori?
Gaztetan etxean laneko erabiltzen genituen behorrak, eta haien gainean hasi nintzen lehenbizi. Hortik nire afizioa!
Zein da zaldi gainean ibiltzeko zuretzat leku gustokoena?
Edozein menditan ibiltzen naiz ni gustura.
Zaldiz egiten dituzun irteeretan bakarrik edo bertze lagun batzuekin ibiltzen zara?
Lagunekin gustura ibiltzen banaiz ere, noizean behin bakarrik ibiltzea ere eskertzen dut.
Sunbillako Itzaldeko bordatik Doneztebera bizitzera joan zinen. Zer dela eta aldaketa hau?
Gaur egun dudan bikotea ezagutu eta bertan elkarrekin bizitzea erabaki genuelako.
Herri ttiki batetik handi baterako aldaketarekin kontent?
Bai, ze erremedio! Baina, Sunbilla eta Doneztebe artean ez dut preferentziarik. Bietan ere ederki moldatzen naiz ni.
Zer du Doneztebek inguruko bertze herriek ez dutena?
Herrian bertan denetarik dugu. Ostatuak, dendak, elkarteak, eskolak, medikua, bestak, udazken nahiz udaberriko feriak... Azken hau da, ziur aski, gehien gustatzen zaidana. Goizean azienda kikusi eta ondotik lagun artean ederki bazkaltzeko aukera izaten dut.
Tamalez, aurten Doneztebeko udazkeneko feriak ospatzeko aukerarik ez da izanen…
Feriak ez dakit, baina lagun arteko bazkaria seguru baietz. Bazkaltzeko gutti aski dut nik, ilarrak sakramentuekin, bazkari ederra!
Amets bat?
Loteria tokatzea (kar, kar…) eta irabazitako dirua, inork engainatu baino lehen nire zaletasunak disfrutatzen gastatu.