Aldabek eta Ionek irabazi dute Nafarroako XV. Erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 13a, 11:00

Larunbatean Zubirin jokatutako finalean 35-30 irabazi zieten Ezkurra II.a doneztebarrari eta Barricarti

Aldabek eta Ionek irabazi dute Nafarroako XV. Erremonte txapelketa larunbatean Zubirin jokatutako finalean Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrari eta Barricarti 35-30 irabazi ondotik. Segurtasun neurri guztiak zorrotz bete arren, giro ederra izan zuten Zubiriko pilotalekuan. Txapelketa osoan bezala, jaialdiko sarrerak ADANO elkartearentzat izan ziren.

Ezkurra II. eta Barricart ongi hasi ziren finalean, 0-7 irabazten jarri baitziren, Aldaberen urduritasuna aprobetxatuz. Baina Ion agintea hartzen hasi zen gibelean eta horrela, pixkanaka partida orekatzea lortu zuten eta hemezortzinakoa izan zen lehen berdinketa. Hogeina eta hogeita launa berdindu ondotik hasi ziren gorriak gailentzen (29-24 eta 31-25).

34-28koarekin bazirudien partida akitua zela, baina Ezkurra II.ak bi tanto zoragarrirekin beldurra sartu zien gorriei. Ikusleen txalo zaparrada handia lortu zuen, baina ez zen aski izan markagailuari buelta emateko, azken tantoa aldabek egin baitzuen (35-30).

Jaialdia hasteko jokatu zen partidan, Aimar Jabalera doneztebarrak eta Aimar Saldias oiztarrak 22-35 irabazi zieten Erburu eta Julen Larretxea doneztebarrari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun