Aurten Leurtzan edukiera mugatua izanda ere, joan den urtean baino bisitari gehiago ibili da

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 6a, 11:00

Irailaren 7a bitarte hartutako datuak kontuan hartuz 29.525 bisitaria ibili dira Leurtzan

Oraindik denboraldia akitu ez bada ere, aurtengo Leurtzako denboraldiko balorazioa egin dute.

Covid-19 dela-eta, aldaketak egon dira denboraldia hasi zenetik; iturria itxi behar izan dute, mahaiak hartzeko tiketa erosi beharra izan dute bisitariek (desinfekzio lanak egin ahal izateko), ibilbideak noranzko bakarrean egin ahal izatea eta 400 pertsonako edukiera mugatzea bertzeak bertze. Edukierari dagokionez, arduradunek adierazi bezala «ederki nabaritu da beroa egiten zuen egunetan, izan ere, eguerdirako gehienetan, langile bat herrira jautsi eta ordu horretatik aurrera etorritako autoak bidaltzen ibili behar izan dute». Kontuak kontu, balorazioa positiboa izan dela erran daiteke, momentuz, irailaren 7a bitarte hartutako datuak kontuan hartuz, 29.525 bisitari izan baitira (aurreko urtean denboraldi osoan bezalaxe). Gainera, kontuan izan behar da, aurten, bertze urteetan ez bezala, denboraldia berandu hasi dela, hau da, martxoan izan beharrean, ekain hondarrean. Berandu hasi bazen ere, beti bezala bukatuko da, eta beraz, urria bukaeran emanen zaio akabera aurtengo denboraldiari, eta hortik aitzinera, sarrera librea izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun