Nafarroako XV. erremonte txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte urriaren 2an eta 3an Tafallako Ereta pilotalekuan. Ortziralean, Josetxo Ezkurra II.a eta Barricartek 35-25 irabazi zieten Matxin III.a eta Garcesi. Larunbatean, berriz, Zeberio II.a (Aldaberen ordezko) eta Ionek 35-26 menpean hartu zituzten Xanti Uterga doneztebarra eta Otano. Partida honetan aitzinetik, berriki hil den Estebantxo Apeztegia zenari omenaldia eskainiko zitzaion Ereta pilotalekuan.
Doneztebarra sortzez, Tafallara ezkondu zen Apeztegia eta geroztik bertan bizitu zen, baina sorterriarekin harremana inoiz galdu gabe. Tafallako Pilotazale Peñako kidea izateaz gain, harreman estua izan zuen Doneztebeko erremontistekin, baita Erremonte Fundazioarekin ere. Agur moduan, familiari oroigarria eman zitzaion eta aurreskua dantzatuko zitzaion.
Ortziralean, txapelketako partidaren aitzinetik, Beñat eta Otanok 35-20 irabazi zieten Aimar Jabalera doneztebarra eta Agirrezabalari.
Txapelketako finalerdian, berriz, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Barricartek garbi irabazi zioten Martxin III.a eta Garcési, 35-25.
Larunbatean, partida nagusiaren aitzinetik, Matxin III.a eta Aimar Saldias oiztarrak 35-34 irabazi zieten Josetxo Ezkurra II.a eta Julen Larretxea doneztebarrari.
Ondotik, omenaldia eskaini zitzaion Apeztegiari eta finalerdiko partidan, ligaxkan sailkapen buru izan ziren Xanti Uterga doneztebarrak eta Otanok 26-35 galdu zuten Zeberio II.a eta Ionen kontra.
Beraz, urriaren 10ean Zubirin jokatuko den finalerako sailkatu dira Josetxo Ezkurra II.a eta Barricart alde batetik eta Aldabe eta Ion, bertzetik. Aldabek negatibo eman du PCR proban eta zuzenbidean bera ariko da finalean. Protokoloa betez, ez balu posible izanen, Patxi Zeberio izanen da bere ordezkoa finalean ere.