Erizain laguntzaile
Lanak hartzen du bere egunerokoaren zati handienetariko bat. Donostiako ospitalean, zainketa aringarriak behar dituzten gaixoen zaintzaz arduratzen da: «sendatzeko aukerarik ez duten gaixoen bizi-kalitatea hobetzeko eta eurek eta euren familiek ahalik eta gutxien sufritzeko lan egiten dugu».
Hortxe hasi zuen erizain laguntzaile gisa bere ibilbidea: «2017ko abenduan hasi nintzen, egun nagoen ospitale berean». Onkologian, haurrekin, aritu zen lehenbizi eta esperientzia «arrunt polita» izan zela kontatu digu. Geroztik, Iruñean ere ibili zen. Baina orduko oroitzapenak ez dira horren goxoak: «giroa bestelakoa da han eta gazteleraz egin behar izan nuen nire lanaren zati handiena. Ez nintzen arrunt eroso sentitu, hizkuntza ere ez dut menperatzen eta...». Hortaz, «gerora, Donostiatik eskaintzen dizkidaten ordezkapenak» aukeratu izan ditu.
«Gaixoen bizi-kalitatea hobetzeko eta eurek eta euren familiek ahalik eta gutxien sufritzeko»
Bereziki, «udan, Eguberrietan eta Aste Santuetan» lan aukera handiak izan ditu «baina hasieran gehienak ordezkapen laburrak izan ziren, besteen oporraldien araberakoak». Hortaz, hainbat gune eta gaixo ezagutzeko aukera izan du: «psikiatrian, iktusa izan dutenekin, haurren onkologikoan edo zainketa aringarria behar dutenekin...» aritu da. Azkena du esperientzia luzeena: «2019ko abendutik beste erizain laguntzaile baten ordezkapena egiten ari naiz...».
Beharren araberako arreta
Ez du lan erraza, baina bai gustukoa. Beharra dutenak laguntzen pasatzen du egunerokoa: «gaixoak garbitu, pardelak aldatu, erizainei lagundu...». Eta horretan «konfiantza eman eta gaixoak ongi, eroso, sentiarazten» saiatzen da. Beharra dutenei «bazkaltzera eman, botikak hartu dituztela egiaztatu...». Solairu eta gune bakoitzak «bere betebeharrak» izaten ditu. Horrez gain, «belarriko ebakuntza ttiki bat egin behar dioten gaixoa edo hiltzeko zorian dagoena ez dugu modu berean zaintzen, beharrak ere ez baitira berak».
Lan baldintzak
Bakoitzaren beharrak bezain aldakorrak dira lan baldintzak ere. Koronabirusaren ondorioz, esaterako, hainbat aldaketa izan dituzte: «Nahiz eta birusik gabeko gunean ari naizen gure lan martxan aldaketak gertatu dira. Batetik, desinfekzioa, maskaren erabilera, edukiera mugak, tenperatura hartzea... zaindu behar ditugu; eta bestetik, pandemiaren aurrean dagoen lan pilaketagatik, urritik aurrera ezin dugu jaiegunik hartu».
Langile falta izan dute eta langile falta izatearen beldur dira: «gu ere infekta gaitezke... Nire solairuan dauden bederatzi erizain laguntzaile finkoetatik zazpi bajan daude eta besteok egun libreetan lan egin behar izan dugu... Ni neu ere gaixo egon naiz eta orain bueltatu berri naiz».
Jende artetik ihesi
Lanean eta etxean, egunerokoan aldaketak egin behar izan ditu Ansok: «ezohiko uda izan da, aurten oporretan hamar egun Menorcan pasatzeko asmoa nuen arren, azkenean Kantabrian izan naiz, egun gutxi batzuez». Jende artetik ihesi, mendira jo du: «Hiru Errege Mahaian, Beriainen, Petretxeman…». Probatu eta gustua hartu dio: «tontorrez tontor segitzeko asmoa dut». Modu berean, «etxekoekin egurra egiten eta motor artean ere izan dut gozatzeko aukerarik».
Jende gutxi dabilen espazioak bilatu ditu, «guraso, adineko edota ingurukoengatik arriskua saihesten saiatu naiz». Neurri guztiak hartuta ere, birusa pasatu du: «hartzearen beldur nintzen eta azkenean hartu nuen… Hogei egun logelan pasatu nituen, terrazara ateratzen nintzen, bertan niretzat nuen txoko batera…».
«Konfinamendua inoiz egin ez dudana egiteko baliatu dut»
Gorputzak agindutako geldialdia eta atsedena izan da Ansorentzat eta kontatu duenez, «nahiko ongi» pasatu ditu egunak: «inoiz egin ez dudana egin dut: pelikulak ikusi, mugikorrean jolasak deskargatu, pentsatu…». Luze joan zaio kontua, behar baino luzeago akaso: «hor bada haserrearazi nauen kontu bat. Nafarroan Elisa testa egiteko eskatu nuen, birusa pasatua nuen jakiteko eta ezetz erantzun zidaten, hasieratik positibo eman nuelako. Gipuzkora deituta berehala egin zidaten…». Hor jakin zuen sendatuta zegoela: «nahiz eta hirugarren PCR proban ere positibo eman nuen, analisietan pasatua nuela ikusi zuten».
Pasatu arren, oraindik ez zaizkio kezkak akitu: «berriz kutsatzearen beldur naiz. Orain ez dut gaizki pasatu baina nork daki berriz horrela izanen den? Gazteen artean ere badira gaizki pasatu dutenak».