Nafarroako erremonte txapelketako finalerdiak gaur eta bihar jokatuko dituzte Tafallan

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 2a, 09:00
Josetxo Ezkurra doneztebarra eta Matxin III.a aurrez aurre izanen dira aitzineko koadroetan gaurko finalerdian.

Larunbateko jaialdian omenaldia eskainiko zaio Estebantxo Apeztegia zenari

Nafarroako XV. erremonte txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte urriaren 2an eta 3an, ortziralean eta larunbatean, Tafallako Ereta pilotalekuan. Gaur, 19:30ean, Josetxo Ezkurra II.a eta Barricart, Matxin III.a eta Garcesen kontra ariko dira. Azpiroz ordezkatuko du Garcések. Larunbatean, 18:30ean, berriz, Zeberio II.a (Aldaberen ordezko) eta Ion, Xanti Uterga doneztebarraren eta Otanoren kontra ariko dira.

Nonbait, Azpirozek eta Aldabek, kontaktua izan dute covid-19an positibo eman duen pertsona batekin eta PCR proba egin baino lehen, badaezpada konfinamendu protokoloa zorrotz ezarri dute e•Remonte enpresak eta Erremonte Fundazioak.

Alde horretatik, Ereta pilotalekuan sartzeko, egoteko eta ateratzeko ere segurtasun neurri guztiak beteko dituzte. Bi jaialdietara sartzeko sarrera 10 eurotan eros daiteke eta bertze kanporaketetan bezala osorik ADANO elkartearentzat izanen da.

Ortziralean, txapelketako partidaren aitzinetik, Aimar Jabalera doneztebarra eta Agirrezabala, Beñat eta Otanoren kontra ariko dira.

Larunbatean, partida nagusiaren aitzinetik, Ezkurra II.a eta Julen Larretxea doneztebarra, Matxin III.a eta Aimar Saldias oiztarraren kontra ariko dira.

 

Estebantxo Apeztegiari omenaldia

Larunbateko lehen eta bigarren partidaren artean, berriki hil den Estebantxo Apeztegia zenari omenaldia eskainiko zaio Ereta pilotalekuan. Doneztebarra sortzez, Tafallara ezkondu zen Apeztegia eta geroztik bertan bizitu zen, baina sorterriarekin harremana inoiz galdu gabe. Tafallako Pilotazale Peñako kidea izateaz gain, harreman estua izan du Doneztebeko erremontelariarekin, baita Erremonte Fundazioarekin ere. Hain zuzen, peñak eta fundazioak antolatu dute omenaldi ekitaldi xumea. Agur moduan, familiari oroigarria emanen zaio eta aurreskua dantzatuko zaio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun