Malerrekako Mankomunitatea osatzen duten 15 herrietako familia ugarien izenean, pediatra zerbitzuarekin duten arazoaren berri emateko oharra bidali dute Bertizaranako eta Malerrekako gurasoek komunikabideetara. Abuztutik pediatrarik gabe daudela salatzearekin batera, «umeen lehendabiziko balorazioa erizainak berak egiten duela» jakinarazi dute: «alde batetik, bere esku gelditzen da diagnostikoa egitea edota tratamentua abian jartzea, eta bertzetik egoerak hala eskatzen badu familia medikuei kasua bideratzea, beraien lan-ordutegiaren eta lehendik dituen hitzorduen arabera gure umeak artatzeko tartea eskainiz». Lehenago ere egoera berean egon direla oroitarazi dute gurasoek: «2018an bortz hilabete eman genituen pediatrarik gabe eta 2019-2020an hiru hilabete».
Astean behin, «lau orduz gehienez» Lesakako Osasun Zentroko pediatra azterketak egitera joaten dela azaldu dute. Baina ez da nahikoa gurasoen irudiko: «Doneztebeko Osasun Zentroari pediatra bat jardunaldi osoan dagokio, horregatik lau orduko zerbitzu hori behar guztiak asetzeko eskas gelditzen da».
Behin eta berriz eskatu dute jardunaldi osoan lanean aritzeko ordezko pediatra Malerreka eta Bertizaranako gurasoek. «Pediatrarik ez dagoela erantzuten digute», baina pediatrak badaudela azpimarratu dute: «Osasunbideak bere web orrialdean erakusten duen moduan, disponibilitatea daukaten pediatrak egon badaude».
Egoera ikusita eta Malerrekako lanpostuak hutsik segitzen duela ikusita, galdera hauxe luzatu dute gurasoek: «lanpostua landa eremuan kokatzeak baldintzatzen ote du ordezkapena ukatzea?». Horren harira proposamena ere egin dute: «zergatik ez dituzte ordezkaritza horiek hartzen dituzten profesionalak modu batean edo bertzean saritzen?; urtebeteko esperientzia urte bat eta erdi gisa kontatuz edota beraien lanorduak etxetik ateratzen direnetik kontatzen hasita, errate baterako».
Hala, alde batetik, «bizi dugun egoeraren larritasuna eta negu korapilatsu bat hurbiltzen ari zaigula» ikusita, eta bertzetik, «gure seme-alaben osasuna jokoan dagoela» iritzita, «lehenbailehen pediatra baten kontratazioa» galdegin dute gurasoek.