COVID-19: Elkarrizketak

«Egoera guztietatik zer ikasi eta hobetu bada eta seguru burua berriz altxatuko dugula»

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 3a, 13:00

Mikel Albisu

Mikel ALBISU, Beintzako Orbela ostatu-aterpetxekoa

«Kolpe latza» hartu dutela aitortu digu Beintzako Orbela Ostatu-Aterpetxeko Mikel Albisuk. Udaberrian hartu zuten lehen astindua: «eragina %100ekoa izan zen». Izan ere, martxoaren 14an itxi eta ekain erdialdean ostatua zabaldu zuten arte «erabat itxita» mantendu zuten negozioa. Aterpetxea, uztailean ireki zuten. Batetik eta bestetik, «kolpe latza» izan dela dio, «lanik ez eta martxan genituen hainbat proiektuen gastuak gure gain hartu behar izan ditugu».

Zenbait egokitzapen egin ondotik hasi ziren berriz lanean: «logelen aforoa %50 txikitu behar izan dugu, literetan bezeroen arteko distantzia bermatu behar delako. Egoera honetan, 42 plazatik 22rekin betea dugu». Lanean aritu dira udan, baina onartu digunez, «uztaila eskasa izan zen. Antolatutako udalekuetako txanda batzuk bertan behera gelditu ziren eta besteak 20 haurrekin atera ziren. Abuztua hobeto joan zen, ez genuen ezeztapenik izan, baina talde txikiekin aritu ginen».

Ia lantalde osoa ERTEn edo langabezian
Udazken-negua ere «iluna» espero du, «gure bezero nagusiak eskolako taldeak eta asteburuetako kuadrillak dira, hortik atera kontuak! Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi ditu gurean eskolekin egiten diren euskara barnetegiak». Hala, «ia lantalde osoa ERTEn edo langabezian» dutela kontatu digu.

«Krisia pasa eta berriz maldan goiti»

Gaiak kezka sortzen dio, hori argi adierazi du: «lantalde bat sortu dugu, atentzio zuzena landuz, bezeroak eta taldeek estimatzen duena, landa eremuko turismoaren ezaugarri garrantzitsua. Eta hori dena orain galtzen ahal da. Krisia pasa eta berriz maldan goiti!».

Ostalaritzan hartutako neurrien harira ere mintzatu da Albisu. «Oro har zuzenak» iruditzen zaizkio, eta «bezeroegan konfidantza sortzen» dutela dio. Beraien kasuan, «konplikatuena udalekuen protokoloa ezartzea» izan omen zen, «ostalaritza, alojamendua eta jarduerak uztartzen direlako». Baina alde horretatik «kontent» sumatu dugu: «bortz udaleku egin ditugu eta denak ongi atera dira». Bere ustez, gobernuaren aginduak «leku guztietan ez betetzean dago gakoa. Guk gaueko hamabietan itxi, baina beste batek berandu arte segitzen badu, neurriak bete gabe, eta ondorioz neurriak zorrozten badira, zertarako balio du guk zintzo lan egiteak?».

Gainerakoan, ostalaritza eta gazteria seinalatuak sentitu ditu eta «orokortze horrek denoi kalte egiten digulakoan» dago. Bere hitzetan, «jarrerak aztertu behar dira. Ostatu guztiak eta gazte guztiak ez gara berdinak. Jarrera soziala gehiago landu behar da, ezin gara ardiak bezala multen beldur ibili».

«Sektoreak ezin du administraziotik bizi. Baina zoritxarrez, ostatu aunitz itxiko dira».

Krisi bikoitza
Sektorea laguntza ekonomikoen beharrean ikusten du, baina garbi du «sektoreak ezin duela administraziotik etengabe bizi. Zoritxarrez, ostatu aunitz itxiko dira». Bere ustez, «administrazioak apustu ausarta» egin beharko luke, «ekonomiaren hauspoa izan, konfidantza berreskuratuz. Non dago aitzineko krisian garatu zen bonuen kanpaina?».

Etorkizunera begira «krisi bikoitza aurreikusi du Albisuk: «sanitarioa eta ekonomikoa. Lehenbizikoak bigarrena baldintzatzen du, hor dago berezitasuna». Horren aitzinean, «gauza berriak asmatu beharko direla» dio, «batzuk segur aski luzerako geldituko direnak». 

«Ostatu eta turismoko zerbitzu asko maizterrak gara eta ordaintzen dugun errenta jarduera ekonomikoarekin lotua dago. Lanik gabe, errenta itogarria izaten da»

Hartutako kolpeaz gain, bertze hausnarketa bat ere mahaigaineratu du: «ostatu eta turismoko zerbitzu asko maizterrak gara eta ordaintzen dugun errenta jarduera ekonomikoarekin lotua dago. Lanik gabe, errenta itogarria izaten da eta negozio asko desagertu edo larri geldituko dira». Hala ere, «baikorra izan nahi» du. «bezeroak gure zerbitzua ongi baloratu eta etortzeko gogotsu daudelako. Egoera guztietatik zer ikasi eta hobetu bada eta burua altxatuko dugu berriz, seguru».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun