Legarreko leizea Nafarroako Memoria Historikoaren Leku izendatu dute

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 30a, 16:00
2016an atera zituzten Legarreko hobitik gorpuzkiak

Nafarroako Gobernuak erabaki du Gazteluko Legarrea leizea Nafarroako Memoria Historikoaren Leku izendatzea. Memoria Historikoaren Komisio Teknikoak egin duen aldeko txostena aintzat hartuta onartu dute erabakia. 1936ko kolpe militarraren ondotik, Legarreko leizera bota zituzten Juana Josefa Goñi Sagardia eta haren zazpi seme-alabetatik seiren gorpuak.

Legarreko lezea Memoria Historikoaren Leku izendatzearen helburua transmisioan, elkarbizitzan eta bakean ekarpena egiteko balio izatea da. Lortutako akordioan bildu dute Legarrean gertaturikoa «krimena eta hilketa» izan zirela eta «erantzule garbirik» ez dagoela 1936ko kolpe militarrak ezarritako «inpunitate giroagatik».

Gorpuzkiak 2016an atera ziren Legarreko hobitik. Pako Etxeberria forentseak gidatu zituen Aranzadik egindako lanak eta 50 metroko sakoneran topatu zituzten hezurdura zatiak. Lehenik bost umeen hezurdura eta gero amarenak.

Juana Josefa Goñi eta bere sei seme-alaba bota zituzten Legarreko leizera. Pedro Antonio Sagardia senarra eta 18 urteko semea bakarrik libratu ziren heriotzaz. Aita Eugin ari zen lanean eta emaztearen oharra jaso zuen herritarrek Gaztelutik bota nahi zutela esanez; itzuli orduko, aldiz, Guardia Zibilak aita atxilotu eta, libre utzi zutenerako, familia desagertua zen.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun