Txapeletik hurbil izan da Endika, baina zazpigarrena lortu du Urrizak

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 28a, 09:00

Saldiastarrak 30-27 galdu zuen finala baina bikain jokatu zuen eta estu hartu zuen txapelduna

Argazkiak: Maialen Andres

Javier Urrizak irabazi zuen erremonteko banakako bere zazpigarren txapela, larunbatean Galarretan jokatutako KutxaBankeko txapelketako finalean Endika Urrutia saldiastarrari 30-27 irabazi ondotik. Iruñekoak asko sufritu zuen Endika Urrutia ausartari irabazteko, estu hartu baitzuen. Saldiasekoak arriskatu egin zuen, tantorik ikusgarrienak egin zituen eta finalaren zati handi bat aurretik ere izan zen, baina Urrizak sufritzen jakin zuen, defendatu zuen, izerdia gogotik isuri behar izan zuen une txarrak gainditu zituen eta amaiera ikusgarria ixten jakin zuen, nahiz eta akatsak ere izan. Final zirraragarria izan zen, denetik izan zuen eta zaleek eskertu egin zuten.

Txapelduna hotz hasi zen eta jokaldiko pare bat tantorekin, sake on batekin eta bi takorekin 0-5 aurretik jarri zen Endika markagailuan. Partida azkar zihoan, ia piloteorik gabe, eta hala gertatu zen 4-9koa arte. Hor berotu zen Urriza pilotatze on batekin, eta hamaikan berdindu zuen lehen aldiz. Partida berri bat hasi zen, nahiz eta Endikak serio eta arriskatuz jarraitu.

Partida berdindua joan zen eta hamaikanakoaren ondotik, 12, 13, 14, 15, 16, 18, 19, 20 et 21ean ere berdindu egin zuten. Emozio handiko finala izan zen, nahiz eta Urrizak sakearekin normalean baino huts gehiago egin (bost galdu zituen). Halere, hogeita banakoaren ondotik bost tanto segidan egin zituen Urrizak (26-21). Bazirudien partida hor hautsiko zela, baina Endika ez zegoen deus oparitzeko eta hogeita zazpina berdintzea lortu zuen. Final berri bat hasi zen, hiru tantora. Eta esperientzia lagun, azken hiru tanto horiek Urrizaren alde erori ziren. Ez zen urduri jarri, eta Endikaren sake txarra ongi erantzun zuen, aurretik 28-27 jartzeko. Defentsa handiarekin kontu zuen 29-27koa, eta 30-27koa, Endikak labur utzitako sake-erantzun bat errematatu ondotik.

 

Endika Urrutia: «Ikusi dut txapel irabazteko gai naizela»

Nahiz eta galdu Endikak gustura bukatu zuen eginiko partiduarekin. «Oso pozik nago eginiko partiduarekin, inoiz baino lana gehiago eman diot eta nire buruarekin oso konforme geratu naiz. Amaieran pare bat tantotan azkenean nekatu nengoen eta pasa egin dit. Oso ongi hasi naiz, bi tanto gogorrek faktura pasa didate». Jokaldirik politenak berak egin zituen eta jendearen txaloak eskertu zituen. «Jendeari eskerrak eman nahi dizkiot. Oso polita izan da, disfrutatu egin dut. Hurrengo pausoa finala irabaztea izango da eta ikusi dut ahal dudala irabazi». 

 

Javier Urriza: «Sufritzen, borrokatzen eta hasiera txarrari aurre egiten jakin dut»

Bere egunik onena izan ez zuela aitortu zuen Urrizak partidaren amaieran. «Asko sufritu dut, deseroso egon naiz, tentsioarekin estutua bezala, ez nuen bere lekuan jotzen, baina borrokaren bidez 30eraino iritsi naiz. Ez nuen tentsioa kentzen, ez dut hori azaltzerik, baina borroka egin behar da eta orain ederki sentitzen naiz txapelarekin. Pozik nago beste txapela bat lortzearekin». Endikaren lana goraipatu zuen. «Korrika asko eginarazi dit, kualitate ikaragarriak ditu». Bere etorkizunari buruz esan zuen «orain txapela dastatu behar da, gero ikusiko dugu etorkizunak zer dakarren».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun