Urriaren 2an itzuliko dira Bardoak

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 22a, 20:00

'Atekaberts komeni' taldeak martxoan eskuratu zuen finalerako txartela

Bi finalaurreko eta finala jokatzeko puntuan eten zen Bardoak 2020, Nafarroako  taldekako bertsolari txapelketa COVID-19aren ondorioz martxoan. Ia zazpi hilabeteren ondoren berrabiaraziko da, osasun eta segurtasun neurri guztiak bermatuta. Urriaren 2an jokatuko dira bi finalaurrekoak, Goizuetan eta Jaunsaratsen.

Bi finalaurreko eta finala gelditzen ziren jokatzear Bardoak 2020 amaitzeko. Ordurako Leitzako Atekaberts komeni taldeak eskuratua zuen finalerako txartela. Bertze bi finalistak urriaren 2an jokatuko diren Goizuetako eta Jaunsaratseko finalaurrekoetan argituko dira.

Goizuetako saioan Lesakako Arranopola eta Malerreka-Baztango Bertsonautak taldeak arituko dira, joaneko saioan Bertsonautek irabazi zuten puntua. Jaunsaratsen berriz Berako Lamixene eta Barañaingo Hego haizea taldeak abestuko dute, kasu honetan beratarrek lortua zuten puntua.

Orain, ia zazpi hilabeteko etenaren ostean, hasitakoa bukatzera itzuliko dira Bardoak. Nafarroako Bertsozale Elkarteak, tokiko antolatzaileekin batera, pandemia egoerak eskatzen dituen segurtasun eta prebentzio neurri guztiak betetzeko konpromisoa hartu du. Aforoak mugatu eginen dira, segurtasun tarteak mantendu, aretoeera sartzeko eskuak garbitu eta musukoa ezinbestekoa izanen da saio guztian zehar. Saioen osterako aurreikusitako otorduak ez dira eginen.

Goizuetako saioan sarrerak aurrez erosi beharko dira, herriko estankoan. Jaunsaratsen berriz, egunean bertan izanen dira salgai aretoan bertan. Bi kasuetan, 3 euroko salneurria izanen du sarrerak.

Finala urriaren 17an izanen da Lizarrako Ikastolan. Finaleko sarreak irailaren 28an paratuko dira salgai Ikastolan bertan eta www.bertsosarrerak.eus atarian ere.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun