Endika bere lehenengo finalera sailkatu da Juanenea gaindituta

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 21a, 08:00

Endika Urrutia erremontista saldiastarra finaletik gertu geratu izan da beti, baina orain arte ez zuen inoiz Kutxabank Tornoko finalerako sailkapena lortu. 23-30 irabazi zion larunbatean, ordea, Aritz Juanenea herritarrari finalaurrekoan eta emaitza honekin datorren larunbatean Urrizaren aurka jokatuko du erremontearen final haundia. Argazkiak: Maialen Andres

Dirua Endikaren alde atera zen hasieran, 50 100i, baina partidua gogorra eta parekatua izan zen. 20-19ra arte Juanenea joan zen aurretik, baina Saldiasko atzelariak indar gehiagorekin akitu zuen eta markagailuari buelta ematea lortu zuen. 20-19tik 20-25era pasa dira, 0-6ko partizialarekin eta momentu horretan garaileak lortu zuen abantaila erabakiorra izan zen.

Akabailan Juanenea itzaliago egon zen jokoan eta ordura arte erakutsitako sendotasun hori desagertu egin zen. Endikak bere esperientzia baliatu zuen irabazteko. Partidua aurretik hasi zuen 3-7, baina 6-0ko partzialarekin 9-7 jarri da atzetik. markagailua berdindua joan zen Saldiasko aurrelariaren abantaila txikiekin. Juanenearen abantaila nagusia bi tantokoa izan da; 13-11, 14-12, 15-13, 16-14 eta 18-16 markagailua puskatzea lortu gabe. Endikak ongi eutsi zion bere momenturik zailenean eta bere momentuari etekina ateratzea lortu zuen. 

Peloteoan berdintasun haundia egon zen eta defentsa ikaragarriak ikusi ziren, baita jokaldi ederrak ere. Agian partiduaren lehenengo zatian aurrelariak sendotasun gehiago erakutsi zuen eta atzelariak akats gehixeago egin zituen. 

Sakea ez zen erabakiorra izan eta ez batak eta ez besteak ez zuten min askorik egin, peloteoko finalerdia izan zen. Juneneak txapelketa bikaina egin du, baina ezin izan du guztiz borobildu finalera sailkatuta. 

Endikak peloteoan 20 tanto egin zituen eta Juaneneak 15. Sakearekin ere Endikak tanto gehiago egin zituen, bost eta hiru aurkariak. Akatsak ere gehiago egin zituen irabazleak; sei guztira eta Juaneneak bi. 

Galarretan giro ezin hobea izan zen eta Juanenearen zaletu ugari zegoen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun