Jon Belarra

«Hurrengo erronka estuagoa eta politagoa izanen dela uste dut»

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 20a, 10:00
Uztailaren 25ean, apustua egin ondotik mahai inguruan bildu ziren.

Jon BELARRA OTEIZA Doneztebeko gaztea

«Herria maite duen 23 urteko gaztea» da Jon Belarra. Herria, familia eta lagunak. Lanetik kanpo, egunerokoa horren bueltan eraikitzen du: «Ultzamako fabrika batean aritzen naiz lanean eta goizez lan egiten dudanean arratsaldeak lagunekin kirol pixka bat egiteko baliatzen ditut...». Berarentzat arront garrantzitsuak dira lagunak: «eurekin pasatzen ditudan momentuak aunitz eskertzen ditut». 

Normalki, «otorduak eta bestak» izaten dituzte biltzeko aitzakia. Azken aldian, maiz, Galarretara joan dira, «Aritz Juanenearen partida ikusi eta animatuz gozatzera».   

Lagunak eta mendia, erronka ikusgarria
Kirola ikusi eta egin. Horixe du zaletasun handiena, «baita besta egitea eta lagunekin otorduen bueltan elkartzea ere». Biak bateratzeko modua harrapatuta  egin zuten uztailaren 25ean Bostorratz-Mendaur erronka: «Aritz Juanenea, Urko Loiarte, Iñaki Maylin eta laurok mendira joateko elkartu eta bueltan bazkaltzera joan ginen. Mahaiaren bueltan ginela bertze kuadrilla batekin topo egin eta 10 lagun bildu ginen. Bazkaltzen geundela, Urkok erronka proposamena bota zuen eta bertan geunden sei mendizaleri ideia gustatu zitzaigun». 

«Entrenatuta gure markak hausteko gai garela ikusi dugu»

Brometan hasi zena serio hartuta onartu zuten erronka: «bertze biri aipatu eta baiezkoa erantzun zuten». Burua eta gorputza horri begira jarrita, «hilabete eta erdiz» entrenatzen aritu ziren Julen Retegi eta biak: «astean bizpahirutan mendira joan ginen eta Bostorratz-Mendaur ibilbidea ere egin genuen, denborak hartzeko». 

Ongi oroitzen du egun handia: «egunak joan eta egunak etorri hori nerabilkien buruan eta eguna ailegatu, apustua egin eta atzentzeko gogoa nuen». «Ia lorik egin gabe» joan zen abiapuntura: «lagun arteko erronka zen arren, arront urduri nintzen...». Ez zen bere kontua, gainerakoengan ere antzeman zuen hori: «09:00etan abiatzeko gelditu ginen arren, 08:30erako Bostorratzen geuden denak...». Kaskoan, Retegi eta biek txapela jantzi zutenean, lasaitu zen gaztea: «Retegi indartsu ikusten nuen eta denbora ona eginen zuela jakin banekien... Bera aitzinetik zihoala ikustea ere mesedegarri izan zen, baina presioa hor zegoen...». 

Mendian hasitakoa mahai inguruan borobildu zuten: «Arotxan bazkaldu, musean ari eta trago batzuk hartuz pasatu genuen arratsaldea, apustuaz solastatu bitartean».

Azaroan hurrengoa
Egun polita izan zenez, errepikatzeko gogotsu gelditu ziren parte-hartzaileak. Orain, hurrengora begira hasiak dira: «azaroan berriz ere erronka egitea adostu dugu». Ibilbide bera aukeratu dute, «denok ezaguna dugulako eta entrenatuz gero guztiok denbora onak egiteko gai garela ikusi dugulako». Dena den, «estuagoa izateko» bikoteak orekatu dituzte: «denboraren banaz bertzekoa atera genuen eta horren arabera bikoteak zehaztu genituen...». 

«Nork daki azkena izanen den edo bertze erronkaren bat adostuko dugun!»

Belarrak Aberri Untxalo izanen du lagun: «burugogorra da eta bere lana ongi eginen du, seguru!». Hala ere, «estuagoa» izanen denez, ez du deus argi ikusten: «lehenbizikoak bezala azkenak izan gaitezke. Zentzu horretan, ikusleentzat erronka polita izanen dela uste dut». Oraingoan, aurkari gogorrenen artean «Aritz Juanenea eta Julen Retegi» ikusten ditu, baina garaipena ez da ezinezkoa eta horren bila joko dute. Gaur gaurkoz, «udako azken egunez gozatzen» ari diren arren, laster ekinen diote prestaketari: «hilabete eta erdi falta denean gogor entrenatuko dugu...». 

Momentuan momentukoari begira eta, gero gerokoak: «nork daki azkena izanen den edo ondotik bertze erronkaren bat adostuko dugun!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun