Doneztebeko San Migel eskolako eta Mendaur institutuko guraso elkarteek urritik aitzinera proposatu duten eskola ordutegiari buruz solas egiteko bilera bat antolatu dute. Bi eskoletako ikuspuntuak partekatzearekin batera, «Hezkuntza Departamentura jo aitzinetik» irtenbidea bilatu nahi dute.
Garraio zerbitzua, jantokiaren menpe
Urritik aitzinera Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek etxera bueltatzeko autobusa 16:00etan izanen dute. Hezkuntza Departamendutik azaldu dietenez, garraiatuak diren ikasleek jantokian bazkaltzeko eskubidea bermatuta izan behar dutelako da hori. Horiek, garraioa Lehen Hezkuntzako ikasleekin partekatu behar dutenez, beraiek ere 16:00etan bukatuko lukete.
Haurrek, beraz, 14:30erako edota 15:00etarako klaseak bukatuak izan eta bazkalduak egon arren, ordubetez edota ordu eta erdiz eskolan esperatu beharko dute, «horrek dakartzan eragozpen eta kalte guztiekin». Gurasoek ordutegi hori «erabat kaltegarria» delakoan daude «bai Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, baita DBHko ikasleentzat ere». Hortaz, ordutegia 9:00etatik 15:00etara izateko aukerak aztertu nahi izan dituzte.
Hori lortu ahal izateko, konponbidea honakoa litzateke beraien ustez: «garraiatuak diren ikasleen gurasoen gehiengoak (%80ak) jantokian bazkaltzeko eskubideari uko egitea». Salbuespen egoerarako neurria izanen litzatekeela gaineratu dute eta eskubide horri «aurten» uko eginez, «garraiatuak diren ikasleen osasun eta ongizatea bermatu» nahi dutela adierazi dute.
Bilera Donamarian larunbatean
Irailaren 12an, 13:00etan dute hitzordua Donamariako ostatuko terrazan eta bertaratzeko deia egin dute: «garrantzitsua da gure ttikiengatik elkartzea». Momentuz donamariar eta ingurukoei luzatu diete gonbidapena. Gero, «beharrezkoa bada» Malerrekara zabalduko dutela argitu dute.