Adinekoen bizi kalitatea aztertzeko tailerrak Donezteben

Ttipi-Ttapa 2020ko irailaren 6a

Parte hartu nahi dutenek Gurutze Gorrira deitu eta Garbiñe Olazarrekin solastatu beharko dute.

Irailaren 14ko astean hasiko dira eta aitzineko asterako izena eman behar da

Malerrekan bizi diren adineko pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea aztertzeko asmoz, tailer batzuk eginen dituzte irailetik aitzinera Donezteben. 

Saioetan, bertzeak bertze, zailtasunei aitzin egiteko gaitasuna, bakardade sentimenduaren kudeaketa, bizi kalitatea, bertako zerbitzuen erabilera, beharrak, eskariak... aztertuko dituzte. 

Parte-hartzaileek Arkupeak elkartearen eraikinean, hau da, jubiloteka dagoen tokian, eginen dituzte bilkurak eta astean behin elkartuko dira, ordu eta erdi inguru (lerro hauek idazterako orduan, eguna eta ordua zehazteke zituzten). 

Bi taldetan banatuta
Tailerretara joan nahiko luketen adinekoak bi taldetan banatuko dira: batetik, bakarrik bizi direnak; eta bertzetik, familiarekin edo bertze norbaitekin bizi direnak. Eta, bakoitzean, gehienez ere, hamar lagunek parte hartu ahal izanen dute (partaideen segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak beteko dira). 
Talde bakoitzarekin sei aste pasatuko dituzte: lehenbiziko txandan, bakarrik bizi direnak eta sei asteren buruan norbaitekin bizi direnak elkartuko dira. 

Irailaren erdialdean hasita
Bakarrik bizi direnek tailerrak irailaren 14ko astean hasiko dituzte eta horientzako apuntatzeko hondarreko eguna hilaren 7a izanen da (hamar lagun baino gutxiago izanez gero, beranduago ere apuntatu ahal izanen dira).  Norbaitekin bizi direnek, berriz, urriaren 26ko astean ekinen diete saioei. 

Garraioa eta izen-ematea
Gurutze Gorriak elkarteak beharra dutenei garraio zerbitzua eskainiko die. 
Parte hartu nahi dutenek Gurutze Gorrira (948 20 65 70) deitu eta Garbiñe Olazarrekin solastatu, garbine.olazar@cruzroja.es helbidera idatzi edo Malerrekako Mankomunitatean edo osasun zentroan jakinarazi beharko dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun