Eratsunen ere herriko festarik gabe gelditu dira, Mari Jose Mitxelena Otegiren irudiko, «oso politak eta dotoreak» diren festarik gabe. Osasun egoera tarteko, ekainean erabaki zuten irail hasieran egin ohi dituzten ospakizunak alde batera uztea, eta hiru hilabeteren buruan, udalaren aldetik, «festen seinalerik egiteko asmorik ez» dutela berretsi du Mitxelena zinegotziak. «Kostata hartutako erabakia» izan zela onartu digu, baina «Nafarroako Gobernuak festak ez antolatzeko mezua luzatu zuenean argi ikusi» uxatu zitzaizkien zalantzak: «festetan jende asko biltzen da eta egoerak beldurra sorrarazi zigun. Zerbait pasatuz gero, udala izanen litzateke arduradun».
Han eta hemen zinegotzi
Joan den abenduan hartu zuen Eratsungo zinegotzi kargua. Hauteskundeen bigarren deialdia osatu zuten taldea, kanpotik etor zitekeenaren beldur: «aurreko udal taldeak zortzi urte eginak zituen eta ez zuen berriz aurkezteko asmorik. Herrian bilera bat deitu eta semea [Iñaki Estanga Mitxelena], alkate izateko prest agertu zen». Hala osatu zuten boskotea: «berarekin beste lau emakumezko animatu ginen».
«Pixkanaka-pixkanaka eta ilusio handiarekin lanean ari gara udaletxean».
Hala ere, udaletxeko martxa ez du arrotza. Sortzez sunbildarra da eta sorterrian «14 urtez zinegotzi izan nintzen». Batetik bestera aldea sumatua du: «Sunbilla herri handiagoa denez, proiektu eta martxa gehiago izaten da. Eratsunen, oraingoz, lasaiago gabiltza». Edozein moduz, eta «koronabirusak gauzak nahi bezala egiten utzi ez» dien arren, «pixkanaka- pixkanaka» eta «ilusio handiarekin» lanean ari direla aitortu digu.
Sinadura bilketa
Geldirik ez dauden seinale dira euren eskariak. Batetik, medikuak herrian artatzea nahi dute: «koronabirusaren kontu honekin, Malerrekako herri ttikiak herrian mediku zerbitzurik gabe gelditu gara. Dena Doneztebera bideratu dute eta artatuak izateko Donezteberaino joan behar dugu». Ez daude horrekin ados eta zerbitzua lehengoratzeko lanean ari dira: «etxez etxe sinadurak biltzen hasi gara, oraingo egoeran gutxienez astean egun batez medikua etor dadin eskatzeko, eta gerora, egoera bere onera bueltatzean, gutxienez bi egunez etortzea nahi dugulako. Herrian adineko asko dago eta denek ez dute Doneztebera autoz joateko aukerarik. Harat ez joateagatik oinazearekin etxean gelditzen dira batzuk eta hori ez da bidea».
«Herrian adineko asko dago eta denek ez dute Doneztebera autoz joateko aukerarik. Harat ez joateagatik oinazearekin etxean gelditzen dira batzuk eta hori ez da bidea».
Bestelako egitasmo batzuk ere buruan dituzte, nahiz eta argi utzi duen «horiek egiteko dirulaguntzak behar» dituztela. Hain zuzen, aurreko udal taldeak lortutako dirulaguntza bati esker, aurten udaletxea berritu dutela kontatu digu. Beraien kasuan, herriko errepidean izandako erortzeari aterabide egokia ematea dute helburu: «moldatu zuten, baina dirulaguntza lortuz gero, hobeki utzi nahi genuke, arriskurik gabe». Hortik aparte, «adinekoek ariketak egiteko aukera izan dezaten, makinak jartzeko» laguntza eskatua omen dute. Eta «herrian hutsik dauden hiruzpalau etxeak ere buruan ditugu. Norbaitek erosi eta herrira bizitzera etorriko nahiko balu...», luzatu du gonbita.
Biztanleria behera
Urtetik urtera biztanleria galtzen ari den eskualdeko beste herri bat da Eratsunen eta datuak dira horren erakusle: 60ko hamarkadan 450 biztanle inguru izatetik gaur egun 150 bat izatera pasatu da. Ez hori bakarrik. Mitxelenak azaldu digunez, «adineko asko dago, eta asko dira lanagatik astea kanpoan pasatzen duten gazteak. Asteburuetan herrian mugimendu handia sumatzen da, baina astez ez».
«Izugarri sumatzen da eskolaren falta. Haurrek herriari bizia ematen zioten».
Zerbitzuetan ere izan dute galera. Duela bederatzi urte eskola itxi zutenetik, «izugarri» sumatzen dute haren falta, «haurrek herriari bizia ematen zioten». Hortik aparte, «ez dugu ez dendarik, ezta ostaturik ere eta lehen bi ostatu ziren. Herritarrendako elkartea hor dago, baina kanpotik bisitariak etortzen direnean, buelta hartu eta martxa egiten dute, ez dute zerbait hartzeko tokirik». Bere hitzetan, «ostatu batek bizipoza» emanen lioke herriari.
Kontuak kontu, egiteko horiek guztiak udalaren esku ez badaude ere, «ahal duguna» egiteko prest daudela dio Mitxelenak. Horretarako, ordea, alde batetik, «dirulaguntzak biltzea ezinbestekoa» izanen omen da, eta bestetik, egoerak laguntzea nahi luke. Horren harira, aurtengo festen faltan heldu den urtekoetan jarria du begia: «espero dugu guk ere aurreko udalek antolatu izan dituzten festa dotoreak prestatzeko aukera izatea».