Zubietako, Iturengo, Eratsungo, Ezkurrako, Urrozko, Saldiasko eta Beintza-Labaiengo herrietako mediku kontsultak itxita daude oraindik. Martxoan, osasun alarma egoera indarrean jarri zenean, itxi zituzten eta, urte erdi pasatxoren buruan, oraindik halaxe segitzen dute.
Udalak konponbide eskean
Ordutik herritarrek, artatuak izateko, Doneztebera joan behar dute. Egoera horren aitzinean, alkateak osasun zentroko zuzendariarekin, Monica Martinekin, bildu ziren. Errandakoaren arabera, kontsultak, batetik, koronabirusak eragindako egoera honetan segurtasun neurriak ezin dituztelako bete; eta bertzetik, mediku falta dagoelako itxi dituzte.
Zuzendariarekin ez ezik, abuztuaren 4an, Maria Txibiterekin eta Osasun Departamentuko zuzendariarekin bildu ziren alkateak. Elizondon egindako bileran argitu zutenez, asmoa ez da kontsultak behin betiko ixtea. Udalek, bat eginik, egoerari konponbide bat emateko eta eskualdeko langileria beharretara egokitzeko eta Sunbillan falta duten medikuaren hutsunea betetzeko eskatu dute.
Arrazoien artean, herri ttikietan zerbitzu gutti daudela, oinarrizkoak direla eta herri horietan gidabaimenik ez duten jende aunitz bizi dela aipatu dituzte. Ondorioa argia bezain kezkagarria da zenbait udal ordezkariren irudiko: «herritarrak, beharra izanagatik ere, joan-etorria egiteko baliabiderik ez dutelako medikuarengana joan gabe gelditzen dira...».
Herritarrak ere kexu
Udalak bakarrik ez, herritarrak ere haserrarazi ditu normaltasun berrian herrietako mediku kontsultak itxita izateak. Hori horrela, Zubietan, Eratsunen, Saldiasen eta Ezkurran medikua herrietara joateko eskatzeko asmoa dute eta aitzineko asteetan herritarrak sinadurak biltzen aritu dira etxez etxe.