Ikasturte hasiera zalantzaz josia dagoen honetan, kezka sumatzen hasia da zenbait ikasle, irakasle eta gurasoren artean… Nola bizi duzue egoera hau gurasoek?
Irail hasiera da eta oraingoz hedabideetan agertutakoa besterik ez dakigu. Atzo pasatu ziguten eskolatik oharra eta arratsaldean bilera dugu. Oro har, gurasoak kezkaturik gaude. Ni beldurtuta nago.
Egoeraren aitzinean, zerbait egiteko guraso talde bat bildu zarete. Zenbat kide elkartu zarete?
Aurreko ostiralean presaka sortu genuen. Eskolatik ez genuela informaziorik jaso ikusita... Donezteben eskolatutako 14 familia bildu gara. Hala ere, nire ustez, gutxi gara…
Zein adineko seme-alabak dituzue?
Guztion seme-alabak ez dira adin berekoak eta familiak izanik, anai-arreben artean ere alde hori nabarmena da. Kezka handiena txikiei buruzkoa da, baina handiena ere sumatzen da, deus ez dakigun honetan…
«Haurrak eskolara ez bidaltzeagatik isunak eta kartzela zigorrak izanen direla aipatu dute. Kontua ez da eskolara ez ditugula bidali nahi, baldintza hauetan ez dugu nahi...»
Zein da taldearen helburua?
Helburu nagusia elkar lagundu eta kezkak azaleratzea da. Gutxi izan arren denek ez baitugu pentsamendu bera.
Batzuk ez ditugu seme-alabak eskolara bidali nahi, besteak jakin beharrean daude... abokatu batekin ere hitz egin genuen bidaltzen ez baditugu zer gertatzen ahal zaigun jakiteko...
Bidali nahi ez ditugunak mehatxupean gaude. Eskolara ez joatea absentismoarekin lotzen hasi dira, isunak eta kartzela zigorrak izanen direla diote. Kontua ez da ez ditugula eskolara bidali nahi, baldintza hauetan ez dugula nahi baizik. Ez da gauza bera… Nik dakidanez, pandemia bat dagoenean eskolarekin zer gertatuko den legez ez dago araututa. Nire ustez, logikoena baldintzak egokiak izan artean eskolak bertan behera uztea izanen litzateke…
Besteak beste, Nafarroako Gobernuak hamar lagun baino gehiagoko taldeak biltzea galarazia duela eta geletan pertsona muga horiek ez direla kontuan hartuko adierazi duzue…
Noski, familia-lagun artean elkartzea oso arriskutsua dela diote. Behin eta berriz 10 pertsona baino gehiago ez elkartzeko... Eskolak ematerako orduan, berriz, beraien arauak puskatzen dituzte. Ez da logikoa.
Sei urtez azpikoak gelan maskararik gabe egon ahal izanen dira, baina eremu komunetan erabiltzea aholkatu dute… Zer ondorio izan lezake horrek zuen ustez?
Argi dago txikienek ez dituztela maskarak behar den bezala ibiliko, sudurra bistaratuko dute, behar dena baino gehiago ukitu... Beraz, ia eramanen ez balute bezala izanen da. Eta hainbestetan azpimarratu dute distantzia eta maskararen erabilera… eta zergatik eskolan ez? Enpresa pribatu batek hori eginen balu, izugarrizko isuna jarriko liokete. Eta hori bete ezin bada, ez lukete ireki beharko.
Sei urtetik goitikoen artean maskara erabili beharko dute. Horren erabilerari dagokionez, baduzue kezkarik…
Adin horretan oraindik ez dira hainbeste denboraz behar bezala ibiltzeko gai... baina ondoren PCRak egin behar badira, hauek maskarak "eramaten" dituztenez ez dira arrisku taldean sartuko... beraz, infektaturik balego zirkuitutik ihes eginen luke.
«Gauzak dauden bezala egonik akaso irailaren 4a ez da ikasturtea hasteko egun aproposena...»
Hezkuntza Departamentuak, beste neurrien artean, eskolak goizez izatea eta jantoki zerbitzua mantentzea erabaki du. Erabaki egokia iruditzen zaizue? Zergatik?
Batetik, ez dakigu zein neurri izanen diren jangelan; eta bestetik, ez dakigu zein den pandemiaren aurrean horrek ekar dezakeen onura.
Talde egonkorren aldeko apustua egin dute… Halere, izanen dituzte partekatuko dituzten tokiak (komunak, autobusa… adibidez).
Talde egonkorrena zientzia fikzioa da. Umeek anai-arrebak dituzte, eta gehien-gehienetan ez dira adin berekoak. Hori gutxi balitz, eskolako autobusa eta jangela partekatuko dituzte. Akabo talde egonkorra hasieratik.
Haurren artean kutsatze kopuruak ez direla horrenbeste aipatu dute azken aldian. Zer iritzi duzue horretaz?
Joan den astean, Nafarroan kutsaturikoen %18a 0-14 urte bitartekoak ziren. Gutxi kutsatzeko altu samarra... Bestalde, gurasook nahiko ongi babestu ditugula izan daiteke horren arrazoia.
Zein izan beharko lukete zuen ustez egora honen aitzinean hartu beharko liratekeen neurriak? Zer konponbide emanen zeniokete honi?
Lehendabizi, txikien kasuan derrigorrezkoa ez izatea. Eta bigarrenik, leku guzietan dauden arauak betetzea. Hauek burutzeko behar diren maisu-maistrak, garbitzaileak, autobusak... kontratatuz. Hezkuntza beharrezkoa da, baina ez dago osasunaren gainetik.
Zer eskatuko zenioke Hezkuntza Departamentuari?
Aipaturiko bi eskaera horiek betetzea eta protokoloak egitean hauek errealitatean finkatzea.
Zerbait gaineratuko zenukete?
Dirudienez, ostiralean umeak autobusean bidali behar ditugu, baina oraindik ez dakigu deus... Ez dakigu zein den arrazoia, batzuek eskolak ere protokoloak etab. aldatuko diren edo ez ez dakitela diote... ba agian dena horrela egonik irailaren 4a ez da egun aproposena.