Ezkurra II.ak eta Barricartek Aldabe eta Ionen kontra jokatuko dute ortziraleko kanporaketa

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 27a, 17:30
Ezkurra II.a, Barricartekin bikote osatuta, Aldabe eta Ionen aurka ariko da.

Bihar eta etzi, 22:00etan, Agoizko Toki Eder frontoian jokatuko dituzte Nafarroako Erremonte Torneoko hirugarren kanporaketak. Ortziralean Ezkurra II.ak eta Barricartek Aldabe eta Ionen aurka jokatuko dute; eta larunbatean Zeberio II.a eta Garces Uterga eta Otanoren kontra ariko dira.

Nafarroako Erremonte Torneoko hirugarren kanporaketa jokatuko dute ortzirale eta larunbat honetan Agoitzen. Partidak ortziralean hasiko dira. Hasteko, lehenbiziko mailako eta promozio mailako erremontisten arteko norgehiagoka izanen da: Zeberrio II.a eta Agirrezabala eta Uterga eta Larretxea izanen dira protagonistak.

Segidan, XV. Erremonte Torneoko bi kanporaketa nagusiak jokatuko dituzte. Aldabe eta Ion Ezkurra II.a eta Barricarten kontra ariko dira. Iruñeko Alde Zaharreko ligaxkan izandako arrakasta ikusirik, eta Ibai Barricart herritarra bertan izanen dela jakiki, orain arteko partidetan izan den giro ederra eta maila parekatua izanen dela espero dute. Aldabek eta Ionek, aitzineko astean Uterga eta Otanoren aurka galdu ondotik, garaipenaren bila joko dute. Ezkurraren eskumuturraren egoerak izanen du zererrana, aitzinetik izandako lesio baten ondorioz, joan den astean Donezteben jokatutako kanporaketan mina sentitzen hasi baitzen.

Partidek larunbatean izanen dute segida eta bi egunetako sarreren truk, ikusleek 10 euro ordaindu beharko dituzte. Lortutako dirua Adano elkartearentzat (Minbizia jasaten duten Haurren Aldeko Nafarroako Elkartea) izanen da. Bertzalde, koronabirusaren aitzinean protokolo zorrotza bete beharko dutela oroitarazi dute. Bertzeak bertze, maskara janztea derrigorrezkoa izanen da, distantziak mantendu beharko dituzte eta ikusleen datuak bilduko dituzte (beharrezkoa izanez gero, telefonoz eurekin harremanetan jartzeko modua izan dezaten).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun